Usakon soroslea egongo da zapatutik irailera, arratsaldetan

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko eka. 12a, 11:21

Usakon bainua hartzen iazko surf festan
Zapatuan zabalduko da udako bainu denboraldia Oñatin ere. Hala, Usakon soroslea egongo da irailaren 7ra arte, arratsaldetan. Domekatik aurrera, berriz, igerilekuek ordutegi berria izango dute eta kanpoko zelaia erabilgarri egongo da.

Umeek oporrak hartzen dituztenean zabaldu ohi dute udako bainu denboraldia, San Juanen bueltan. Aurten, baina, astebete lehenago egingo dute. Baita itxi ere; irailaren 7an itxiko dute. Tarte horretan, soroslea egongo da Usakon 15:00etatik 20:00etara. E-Goitek enpresa arduratuko da sorospen zerbitzuaz eta soroslea Usakon egokitutako txabolan egongo da.

Erabilera arduratsua

Udaleko kirol teknikari Oskar Carrascalek adierazi duen moduan, Usakoko eremu naturala txukuntzen eta egokitzen ibili dira azken egun hauetan: "Putzuaren garbiketa egin da. Urpekariak ibili dira putzua garbitzen. Zuhaitzetako arrama handiak, harriak eta burdin zatiak atera dituzte, adibidez. Horrez gain, ingurua txukundu da eta baita belarra moztu ere. Ur hornidura gainbegiratu dute eta aurten ere iturria, ura, izango dute erabiltzaileek".

Egokitzapen lanak egin diren arren, gunearen erabilera "arduratsua" egiteko deia egin du Carrascalek: "Arduratsuak izan behar gara inguruarekiko eta norbanakoarekiko".

Ordu aldaketa

Bestalde, Zubikoako igerilekuek ere ordutegi berria izango dute domekatik aurrera. Hala, uztailaren 31a bitartean, aste barruan orain arteko ordutegian zabaldu eta itxiko dituzte. Zapatu, domeka eta jai egunetan, berriz, 08:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. Eta abuztuan, 10:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte, astelehenetan izan ezik, egun horretan itxita egongo dira-eta. Ordutegi berriarekin batera, kanpoko zelaiko ateak ere zabalduko dituzte erabiltzaileek eguzkia har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak