Duela hilabete batzuk Txile eta Argentinan biran ibili ostean, sasoi betean dago boskotea eta Siglo XXI lan berria gogotsu aurkeztu zuten etxean. Ordu eta erdiz 40 bat abesti jo zituen Gatillazok eta Siglo XXI lan berriari errepasoa egiteaz gain, betiko klasikoak ere ez ziren falta, besteak beste La gran engañada, Sangre y mierda, edo La Polla Recordseko Johny edo Odio a los partidos. Lehenengo akordetik indartsu taularatu zen taldea, bai soinu baita jarrera aldetik, eta kontzertu osoan zehar jarraitzaileak oholtzara igo ziren Evaristorekin batera abesteko.
Gatillazo ordea ez zen izan Olaran plazako eszenara igo zen talde bakarra. Gauari hasiera emateko arduradunak Shaktale oñatiar gazteak izan ziren. Trash eta metal taldeen bertsioekin ikusleak berotzen saiatu ziren. Ostean, Drakesen txanda heldu zen. Gau berezia etxekoentzat ere, Pasku abeslariaren agurreko kontzertua izan baitzen, eta lagunez inguraturik saio indartsua eskaini zuten. Ultimos Reyes nafarrak izan ziren hurrengoak. Punk-rock eta rock urbanoa ikur zutela, aho zabalik hutsi zuten bat baino gehiago.