Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde, Esaitek antolatutako proba izan zen. Euskal Herria mendi erronka zen proba horren izena eta Leitzan jokatu zuten joan den zapatuan, maiatzeko azken egunean.
Leitzan (Nafarroa) hasi eta bukatu zen proba horrek 65 kilometro zituen eta Gaintza, Gorriti, San Miguel eta Lekunberri zeharkatu zituen, besteak beste.Parte-hartzaileak 725 izan ziren, tartean oñatiar asko. Lasterketa bukatu, baina, 500 inguruk egin zuten.
Hamazazpi lagunek osatu zuten Aloña Mendi taldea lasterketa horretan. Marije Zubibarreta taldekidearen esanetan, pozik daude lortutakoarekin. "Bigarren aldiz antolatu dute proba eta aurten ezagutu dut. Hain lasterketa luzea egin dudan lehen aldia izan da, gainera, eta gustura nago, pozik. Eguraldi txarra zegoen iragarrita baina azkenean ez zuen hain txarra egin. Lokatza bai, lokatza pila bat zegoen ibilbide denean", azaldu du Zubizarretak.
Hamazazpi
Lasterketan hamahiru taldek hartu zuten parte eta taldekako txapelketa irabazi zuen Aloña Mendik. "Talde bat talde moduan hartzeko, derrigorrezkoa zen kideetako bat, gutxienez, emakumea izatea. Hala, hamahiru taldek hartu zuten parte. Denborak neurtzerako moduan, berriz, talde bereko lehen hiru gizonen eta lehen emakumearen denborak hartzen dituzten kontuan; lau denbora horiek batu egiten zituzten talde bakoitzaren denbora zein izan zen jakiteko", azaldu du Marije Zubizarretak.
Aitor Otamendi, Aitzol Guridi, Iker Agirrebaltzagegi eta Marije Zubizarretaren denborak batu zituzten Aloña Mendiren denbora jakiteko. Horiekin batera taldea osatu zutenak izan ziren: Maite Anton, Asier Urdanpilleta, Joxe Mendiola, Iñaki Mendizabal, Aitor Zugasti, Eneko Madina, Joseba Igartua, Xabier Larrea, Joseba Agirre, Ander Zabarte, Andoni Guridi, Pablo Arejolaleiba, Luis Urigoien eta Iban Isasti.
Hurrengo erronka
Lasterkari horiek orain, Hiru Haundiak dute buruan. Gehienek hartuko dute parte. datorren asteburuko proba horretan. 100 kilometroko mendi lasterketan, Gorbea, Anboto eta Aizkorri igoko dituzte. Kirol honekiko zaletasuna Oñatin badagoen seinale.