Gure Esku Dago

Giza katera joateko autobus txartelak eros daitezke dagoeneko

Julen Iriondo 2014ko mai. 28a, 23:28

Arrasateko Musakola auzoan dago oñatiarren kilometroa, 24.a, eta desplazamendua autobusez egiteko asmoa dutenek ekainaren 5era arte eros dezakete txartela, Santa Ana antzokiko sarreran, egunero 19:00ak eta 20:30ak artean. Autobusek lehentasuna izango dute egun horretan autoen aurrean, eta antolakuntzak bidaia horrela egiteko eskatu du.

Ekainaren 8an, Oñatitik lau autobus ibiliko dira Musakolara joan-etorrian, goizeko 9:00etan hasi eta 10:35 (azken irteera) artean. Autobusak postetxetik aterako dira eta, azkeneko joan-etorrietan izan ezik, Elorregira arte eramango dituzte parte-hartzaileak (gainerakoa oinez egin beharko dute); azken bidaiak izango dira Arrasateraino.

Bidaia gehienak Elorregira arte egitearen arrazoia da bidaia denborak laburtzea eta ahalik eta jende gehien garraiatu ahal izatea autobusean ahalik eta denbora tarte txikienean, aurrena doazenek ez dezaten denbora gehiegi zain egon beharrik izan (1.200 oñatiar daude dagoeneko giza katerako izena emanda). Itxaronaldiak arintzeko, dena den, animazioa (musika, dantza,…) izango da ibilbide osoan katea hasi baino dezente lehenagotik.

Giza katea 12:00etan hasiko da, baina ezinbestekoa da 10:30 alderako behintzat jendea (azken autobusa beranduxeago aterako den arren) dagokion kilometroan egotea, dena behar den bezala antolatu ahal izateko.

Behin giza katea amaituta, berriz, aukera desberdinak daude itzulerarako, autobusez joango direnentzat. Bat da Oñatira itzultzea (joanekoan bezala era mailakatuan, denborari dagokionez, eta batzuk Arrasatetik, beste batzuk Elorregitik eta beste batzuk Osinurdinetik, autobusek bidaiari batzuk herrira eramateko erabiltzen duten denboran parte-hartzaileek bidea oinez aurreratuz).

Antolakuntzak, baina, dei egiten die giza katean parte hartuko duten lagun guztiei hura amaitutakoan Bergaran egingo diren ekitaldira eta festara joan daitezen, eta bertara ere egongo da autobusez joateko modua.

Datozen asteetan, Santa Anan, autobuserako txartelak saltzeaz gain (3 eta 4 eurotan), metroa eskuratzeko aukera ere egongo da. Eta kalean ere egongo da modua Gure Esku Dagoren giza katerako izena emateko:

  • Maiatzak 29, eguena: 19:00-21:00, kale Zaharrean.
  • Maiatzak 30, egubakoitza: 19:00-21:00, Errekalden.
  • Maiatzak 31, zapatua: 11:30-13:30, plazan; eta 19:00-21:00, kale Zaharrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak