Maiatzaren lehen egunean ireki zuten erakusketa, eta domekara arte egongo da Gandiaga Topagunean. Erakusketa antolatzearen helburua da liburuak gizartearen eskuetara hurbiltzea. Arantzazu Gaur fundazioko Juan Bianen esanetan, antolatzaileek balorazio positiboa egin dute; erakusketa arrakastatsua izan da, eta asteburuetan gerturatu da bisitari gehien. Gainera, Xabier Egaña eskultoreak egindako bisita gidatuek harrera ona izan dutela adierazi dute antolatzaileek. Egindako lanarekin pozik agertu dira, eta haien helburua betetzat eman dute: Arantzazun dauden altxorrak jendartean ezagutaraztea.
Altxorrak digitalizatuz
XV. mendean inprimatutako liburuak dira inkunableak; Gutenbergek 1453 inguruan inprenta modernoa asmatu eta hurrengo 50 urteetan kaleratutako liburuak, hain zuzen. Teknologia berriei esker, horiek digitalizatu daitezke eta hori egin du Euskomedia Fundazioak. Gipuzkoan 169 inkunable eskaneatu dituzte, horietako 107 Arantzazuko Santutegiko liburutegikoak eta 49 Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikokoak. Arantzazuko inkunablerik zaharrena 1470 urtekoa da, eta Torquemada inkisidoreari buruzkoa da. Gehienek erlijioarekin lotura estua dute, teologikoak eta filosofikoak dira. Ale digitalizatuak Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneko liburutegiaren webgunean egongo dira eskuragarri.