Oñatiarra, bigarrenez Eurovisionen

Miren Arregi Amasorrain 2014ko mai. 17a, 00:00

Iaz, Estoniako hautagaiarekin.
Erabateko poza islatzen duen irribarrea ateratzen zaio Iban Albizu oñatiarrari Kopenhagen izan den Eurovision jaialdiaz galdetuta.

Han igaro ditu joan den eguaztenetik domekara arteko egunak: "Bigarren finalerdian, finaleko entseguan eta finalean izan nintzen", dio Albizuk. Izan ere, Eurovision ez da, askok uste duten moduan, egun bateko jaia: "Zaleondako Eurovisionek urte osoa irauten du. Bi hilabete barru esango dute zein hiritan egingo den 2015ekoa. Udazkenean hasiko dira herrialdeak hautagaiak aukeratzen, batzuek jaialdi bidez egingo dute... Guretzat urte osoko zita da".

Iaz izan zen lehenengoz Eurovision jaialdian, Malmön, Suedian: "Beti aritzen ginen, txantxetan, lagun bat eta biok... Suediak irabazten zuenean joan egingo ginela. 2012an Azerbaijanen irabazi zuen Suediak. Hurrengo urtean, esan bezala, laguna ez, baina ni Eurovisionera joan nintzen", dio Albizuk. Hala, jaialdiaren jarraitzaile zena jarraitzaile sutsu bilakatu zen: "Han bizi izandakoak kontatzea ez da erraza. Emozio asko dira. Dena da ikusgarria, izugarria, sinestezina".

Puntako ikuskizuna 

Eurovision jaialdia telebista ikuskizun bat da eta horretarako prestatuta dago: "Muntaia izugarria da: puntako teknologiak erabiltzen dira agertokia eta eszenaratzea bikainak izan daitezen, eta beti gura izaten da aurreko urtekoa hobetu. Lanak izango ditu datorren urtean Austriak aurtengoa hobetzen". Eta gaineratu du: "Telebista saio bat izan arren, bertatik bertara ikustea itzela da. Bizi behar da hori". 

Aurtengo jaialdiko irabazleagatik galdetuta, honakoa dio: "Hara joan aurretik nituen iritziak aldatu egin dira. Egueneko finalerdian Conchita agertokira irten zenean jakin nuen irabazlea zela. Ondo abesten du, baina aurten aldarri batek irabazi du: tolerantziaren, desberdina denarenarekiko errespetuaren aldeko aldarriak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak