Fagor Industrialeko marketin-zuzendari Peio Bengoetxeak esan du jatetxeen zerrenda horrek "bikain" adierazten duela hornitzen dituzten lokalekin partekatzen duten eskakizun profesionalaren maila zenbatekoa den. Izan ere, Mugaritz, Arzak eta Berasategui jatetxeek punta puntako teknologiadun gailuak dituzte, eta haien beharretara egokitutako ekipamendu sofistikatua sortu du Fagor Industrialek.
Mugaritz
Mugaritz kokatzen da zerrendaren seigarren postuan. Jatetxe horrek 2010ean sute bat jasan zuen, eta, ondorioz, sukaldea eraberritu egin behar izan zuten. Hori dela eta, Fagor Industrialek zerotik hasita hornitu zuen sukaldea: neurrira egindako Symphony sukaldea, garbiketa gunea eta sukaldeko tresnak garbitzeko harraska.
Arzak
Arzak jatetxea zortzigarren postuan dago. 2004ko abenduan sukaldea birmoldatu zuten, eta Fagor Industrial arduratu zen lan hori egiteaz. Juan Mari Arzaken behar zehatzetara egindako sukaldea sortu zuten; sukaldatzeko gune handiak eta elikagaiak puntu puntuan mantentzeko makineria ipini zituzten.
Berasategui
Berasategui zerrendaren 35. postuan dago, eta 2010etik jaso ditu Fagor Industrialen zerbitzuak. Berasateguiren kasuan, jakien xehetasunak zaintzeko asmoarekin, makineria txikiarekin osatu zuten instalazioa.