Oñatiko Kale Zaharreko San Migel Txiki jaiek, beste behin, jende asko erakarri dute asteburuan.
Ostiralean hasi ziren jaiak, etxafuego jaurtiketarekin eta gazta eta ardo dastatzearekin. Erraldoi eta buruhandiek eta Trikitxarangak berotu zituzten lehen orduak, eta gauean, Gela Berezia, Ixilik eta Malenkonia herriko taldeek kontzertua eskaini zuten. Aurtengo berrikuntzetako bat egubakoitzean ikusi ahal izan zen, aurreko urteetan bezala, kebab postuaren partez, pizza postua jarri dute-eta, arrakastatsua izan den aldaketa.
Zapatuan pizza tailerra eta marrazki lehiaketa egin zituzten goizean umeendako; eta Esaera Zaharren II. Txapelketa ere egon zen: Tzatziki taldeak irabazi zuen. Jaiak auzoko hainbat lekutara zabaltzeko asmoz artisauen azoka Txaketua taberna aurrean jarri zuten, Behi Bi Bluesen kontzertua Aker parean eta Potx eta Motxen saioa, Kanpantxon.
Auzokoen bazkaria, Gure Esku Dago ekimenaren bideoklip grabaketa eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen bertso saioa izan ziren atzo ekitaldi aipagarrienak.