Oñatiko musikari talde batek moldatu eta egokitutako Gure Esku Dagoren abestiarekin egindako bideoklipa laster egongo da ikusteko moduan, amaituta. Atzo San Anton plazatxoan batu zirenek izan zuten aukera bideoklipa lehen aldiz ikusteko, azken pasartearen faltan.
Hain zuzen ere, bideokliparen azken pasarte hori han bertan grabatutako irudiekin osatuko dute. Aurrena bideoklipa erakutsi zuten atzo, eta ondoren bi aldiz abestia jarri, plazan bildutako jendeak abestu eta dantza zezan.
Jendeari asko gustatu zitzaion bai abestia eta baita haren grabaketan, iragan astelehenean gaztelekuan hartutako irudiekin –oro har– egindako bideoklipa. Oñatiko Gure Esku Dago taldeko kideek adierazi dute nahi luketela herriko dozenaka musikari eta abeslarirekin elkarlanean egindako lanak balio izatea are jende gehiago anima dadin ekainaren 8ko giza katerako metroa eskuratzera. Atzo 700 lagun ingurura iritsi zen Oñatitik parte hartuko dutenen kopurua, baina oñatiarrek asmoa dute gutxienez 1.000 lagun batzea euren kilometroan.
Zita handirako motorrak berotze aldera, hurrengo ekitaldia ere deitua dute. Domekan izango da, Urbian. Bertan bilduko dira Debagoienetik, Urolatik, Goierritik eta Arabako Lautadatik joandako lagunak, giza katea egiteko.