Amaia Diaz de Monasterioguren: "Jatea gustatzen zait, janarekiko kontaktua... Sukaldea oinarria da"

Amaia Diaz de Monasterioguren.
Nutrizionista da Amaia Diaz de Monasterioguren (Oñati, 1976). Nutrizionista, hiru seme-alabaren ama eta bizitzako segundo bakoitza azkena balitz bezala bizi duten horietakoa.

Zelakoa da Amaia Diaz de Monasterioguren?

Sinplea eta konplexua, era berean. Gorabehera askokoa eta sentikorra. 

Nolakoa da sukaldearekin duzun harremana?

Egunerokoa, egunero jan behar dugu-eta. Jatea gustatzen zait, janarekin kontaktuan egotea, usaina, taktua... Sukaldea da oinarria.

Zein da zure espezialitatea?

Ez daukat espezialitaterik. Dena gustatzen zait. Orain momentuan, sagar erreak ditut labean. 

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?

Lagun on bat gonbidatuko nuke beti nire etxera. Ardo on bat eta patata tortilla eder bat; edo arrautzak patatekin eta entsalada bat jatera. 

Eta etsairik handiena?

Hori ere etxera. Etxean jakin behar da jendea limurtzen.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseritzea?

Zurekin, esaterako. Denongandik dugu ikasteko. Edozeinekin eseriko nintzateke mahaian: adineko pertsona batekin, ume batekin... Badira hainbat mahaiaren bueltan eseriko nituzkeenak, baina tamalez ezin dut, dagoneko mundu honetatik joanak dira-eta. 

Zergatik dietista?

Kasualitatez. Erizaintzan sartzerik izan ez nuelako.

Zure ogibidearekin lotuta, zein duzu gogokoen edo zein miresten duzu?

Mari Jose Rosello telebistan komunikatzaile gisa ezagutu nuen lehen nutrizionista izan zen. Eta nik uste dut haren jarraitzaile izan naizela. Mari Jose Rosello eta Saber Vivir saioko jarraitzaile izan naiz.

Dietista ez bazina...

Komunikatzaile izango nintzateke. Edo artista... Asko gustatzen zaizkit telebista, irratia... Komunikazioa, azken finean. 

Zer duzu maite bizitza honetan?

Bizitza bera. Indarra ematen didatenak dira nire seme-alabak.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Pozik bizi izatea, osasuna eta umorea. Hori ez dadila falta. 

Zure bizitzako adekdota bat.

Asko ditut. Denetik gertatzen zait. Ez dago kasualitaterik. Kausalitatea da. Esna egon behar dugu bizitzak bidaltzen dizkigun seinaleak ulertzeko. 

Bizimodu honetan ezinbestekoa.

Ohetik jaikitzeko gogoa izatea. Geldi ez egotea. Aktibo egotea. Ilusioa izatea, martxan egotea, ingurura begiratzea. 

Damu zara...

Ezertaz. Gaizki egindakoetatik ere asko ikasten da. Atzera begiratzen dut indarrak hartzeko eta aurrera begiratzen dut ilusioz. Asko amesten dut. Oso fantasiosoa naiz. 

Zer errepikatuko zenuke.

Ama naiz. Erditu eta umea gainean ipintzen dizuten momentua da ikaragarriena. Hori da izan dudan sentsaziorik handiena. Agurrak ere oso gogoan ditut. Etorrerak eta agurrak: une horiek errepika ezinak dira, nire barruan gelditu direnak. Une horietara bueltatuko nintzateke. 

Zerk beldurtzen zaitu.

Maite ditudanei huts egitea. 

Lanetik etxera iritsi, sofan eseri eta...

Zerbeza bat edo kolakao bat. 

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Ba, momentu honetan, Arantzazura. Edo mendira, edo itsasora. 

Ze ohitura, esaldi, aholku konpartituko zenuke?

Momentua bizi behar da. Hori da garrantzitsuena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.