Hodi berria sartzen ari dira Umerezko depositutik

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko api. 29a, 12:28

San Martinetik Asentzio aldera doan bidea itxita dago astelehen arratsaldetik, errepidea zulatu behar dutelako. Umerezko ur depositutik San Martin auzoraino hoditeria berria sartu behar dute, eta lan horiek egiteko egongo da itxita bide hori. Eguraldiak oztoporik jartzen ez badu, lauzpabost astez egongo da itxita.

San Martin auzoko bizilagunek duten ur presio baxuari irtenbidea emango dion obra egiten hasi dira aste honetan. Hodi berria sartuta konponduko dute ur presio baxuaren arazoa. Horrela, Umerezko depositutik San Martin auzoko goi alderaino sartuko dute tubo berria. Eta horretarako, errepidea zulatuko dute. Tolosako Etxaide Eraikuntza enpresa ari da lanak egiten. Bertako langile batek adierazi duen moduan, 250 mm-ko diametroa duen fundiziozko hodi berri bat sartuko dute; 465 metro tubo guztira. Orain arteko hoditeria zaharra, baina, ez dute kenduko; baliogabetu bai, baina kendu ez. Aurrentzean, hala ere, Urkuluko ura edango dute San Martingo bizilagunek ere, orain arte bezala, baina presio handiagoa izango dute.

Lur azpian sartuko duten hoditeria berri hori errepide ertzetik sartuko dute ibilbidearen zati handienean, San Martingo goi aldeko lur zatian izan ezik. Puntu horretan estaka batzuk jarri dituzte zuloa egingo duten lur eremua markatzeko.

Lauzpabost aste

Astelehen arratsaldean itxi zuten herritar askok paseatzeko erabiltzen duten errepide zatia. Makinak eta lanerako lanabesak sartu, eta martitzen goizean hasi zituzten lanak. Euri asko egiten ez badu, laupabost aste beharko dituzte lanak bukatzeko, bestela, gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak