Iazko lehen hiruhilekoan baino %2,7 gutxiago irabazi du Natrak aurtengo epe berean

Leire Kortabarria 2014ko api. 30a, 11:54

2014ko lehenengo hiruhilekoa bukatutakoan, Natrak 85,81 milioi euroko negozio-zifra kontsolidatua zuen, iazko epe berean baino %2,7 gutxiago.

Pasa berri den hiruhilekoan, 5,34 milioiko Ebitda lortu zuen Natrak, iazko epe berean baino %46,6 gutxiago, eta 2,34 milioiko emaitza garbi negatiboa; martxoa bukatutakoan, 0,18 milioi euroko irabaziak zituen.
Natrak esan duenez, aurreikuspenekin bat datoz emaitza horiek: "2013ko ekitaldian, kakaoa nabarmen garestitu zen, tonako 1.382 eta 1.800 libra arteko prezioekin, eta 2014ko lehenengo hiruhilekoan goranzko joera horretan jarraitu zuen, tonako 1.898 librako maximoa egin arte; 2011ko irail hasieratik ez ziren horrelako prezioak ikusten".

Europan, kontsumoa oraindik ahul

Mikel Beitiak zuzentzen duen enpresaren kakao eta txokolate negozioak 75,71 milioi euro lortu zituen salmentatan 2014ko lehenengo hiruhilekoan, iazko epe berean baino %1,6 gutxiago; izan ere, kontsumo dibisioak %3,9 gutxiago saldu zuen eta industria dibisioa %3,3 hazi zen. Natrak honela azaltzen ditu emaitzok: "Baldintza handiena Europan dagoen kontsumo-ahulezia da; hor egiten dira negozioaren salmenten %90,6. Natraren kakao eta txokolatearen negozio-zifra %2,2 jaitsi zen".

Erabakigarria izan zen ere kakao-hautsaren prezioaren gorabehera, Ameriketako merkatuari nabarmen eragin ziona (hori da Natraren kakao-hautsaren hartzaile handienetariko bat). Ameriketako kakao-hauts salmentak negozioaren %7,2 dira, eta %9,1 jaitsi ziren, nahiz eta kontsumo dibisioa hazi egin zen Ameriketan.

Asia Pazifikoan, 2013ko emaitzen bikoitza lortu da oraingo hiruhilekoan, baina merkatu horretan bakarrik kakao eta txokolate salmenten %2,2 egiten ditu Natrak oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak