Umeendako eta nagusiendako marrazketa saioak egin ditu Pernan Goñik udal liburutegian, eta biak izan dira arrakastatsuak. Atzo, astelehena, esaterako, 17 nagusi elkartu ziren 'Graphic recording' teknika ezagutzeko. Marrazten egon ziren etengabe, eta barrez. Errepikatzeko gogoz gelditu ziren denak.
Atzo, astelehena, nagusiekin egindako saioan, esaterako, marrazketarako oinarrizko irizpideez gain, graphic recording teknika ere landu zuten. Hau da, ideia bat eman eta ideia hori modu sinple eta azkarrean irudiz adierazteko teknika. Hala, 'Libia' edo 'Krisia' hitzak, esaterako, irudikatzea izan ziren egin zituzten ariketetako batzuk. Tailerra hasi aurretik, hori bai, beroketa ariketa moduan, beste ariketa batzuk jarri zien Goñik joandakoei: 2 minututan 20 gauza borobil marraztea, esaterako.
Guztira 17 lagun elkartu ziren atzoko tailerrean, horietako bi, gainera, Oñatitik kanpokoak. Denak gustura egon ziren eta tailerra berriz antolatzeko eskaria ere egin zuen batek baino gehiagok.