Zelakoa da Javi Azpiazu?
Pertsona arrunta eta saltseroa.
Ze harreman daukazu sukaldearekin?
Sukaldari gisa, askotan etxetik kanpo egoten naiz eta ez daukat astirik nire jatorduak egiteko. Ohiko gauzak egiten ditut, defendatzen naiz sukaldean. Jatun oso ona naiz eta denetarik jaten dut.
Zein da zure espezialitatea?
Arraina gustatzen zait prestatzea: legatza saltan, bakailoa piperradan, txipiroiak… eta orain, garai honetan, antxoak era askotara: frijituak, arrautzaztatuta eta, denboraz banabil, papillote eran ere bai.
Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena, eta non?
Menu batera. Otordu handirik ez, baina pixka bat berezia bai. Itxurako jatetxe batera gonbidatuko nuke; ez oso-oso abangoardiakoa, baizik eta tradizionala, euskal bazkariak egiten dituena: arraina, solomillotxo bat…
Gustura zeinekin jesarriko zinateke mahaiaren bueltan?
Aspaldian haserre nengokeen batekin, gauzak konpontzera. Mahai batek harremanak estutu egiten ditu.
Zelan sartu zinen futbol munduan?
Gazte denboran Donostian ikasten ibili nintzen. Hondartzan, ortozik, orkatila-babes batekin ibiltzen ginen futbolean eta hor sartu zitzaidan harra. Futbola lagunekin batera jokatzen da, taldeka, ez bakarka, eta lagun asko egiten dira. Harreman asko egin ditut futbolari esker.
Bizi osoa Aloña Mendin daroazu. Uzteko gogo barik, ezta?
Oso gaixorik egon behar dut inoiz huts egiteko.
Zein miresten duzu futbolean?
Denetariko jendea: zuzendariak, jokalariak, entrenatzaileak… asko eta asko ezagutu ditut. Harreman oneko jendea, gurekin batera doana, filosofia eta portaera onarekin…
Eta futbolari ezagunen bat aipatzekotan?
Oñatiarrendako Reala izan zen oso talde ona, bi aldiz Ligako txapelduna… Hortik bateren bat aipatzekotan, Santi Idigoras.
Futbolean ibiliko ez bazina, zertan ibiliko zinateke?
Beste kirolen batean; futbolaz aparte, pilota eta txirrindularitza ditut gustuko.
Mundu horretan ibiltzeko, zer da ezinbestekoa?
Tratu ona izatea jendearekin, zabala izatea, eta batzuetan pozarekin ibili eta beste batzuetan negarrarekin, mundu hau emozio handikoa da eta emozio guztiak onartu behar dira.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera ematen dizute.
Osasuna, lehenengo; bizi izateko ez dadila ezer falta; eta gero, oso garrantzitsua, lagunak edukitzea eta haiekin jarraitzea.
Anekdotaren bat…
18 urte genituen eta lagun epaile batzuk nituen, eta Real Unionen gazteen partidu bat ikustera joan nintzen; bada, polizia nazionalen furgonetan etorri ginen, zale batzuk gure bila etorri zirelako. Ni ez nintzen epailea, baina ni ere haiekin batera irten nintzen.
Zerk beldurtzen zaitu?
Bakardadeak. Bakarrik bizi naiz, baina etxeko bebarrutik irten eta segituan nago batekin, bestearekin… oso ezaguna naiz.
Nonbaitera joatekotan, nora?
Lanbidez komertziala naiz eta egunero irteten naiz bidaian, baina ni gustura Oñatin nago. Hemendik irtenez gero, kostaldera joatea gustatzen zait. Gipuzkoa bera mundiala da; Bizkaia ere bai.