Jai egunak aprobetxatuta Errusiatik Euskal Herria ezagutzera etorritako Daria topatu dugu. Bakarrik dator eta Bilbon ibili ostean, Arrasaten hartu ostatu eta Oñati ezagutzera hurbildu da. Esan digu Errusian oso gutxi ezagutzen dela Euskal Herria, Bartzelonara, Madrilera edo Espainiako hegoaldera joaten direlako gehienak. Gurean, baina, kontu interesgarriak topatu ditu eta oso pozik dago, baita herritarrengandik jaso duen harretarekin ere.
Arantzazun urte guztian izan ohi dira bisitariak eta Pazko Astean ere bai. Bertan topatu ditugu Valentziako Gandia herritik etorritako laukotea, horien artean Alejandro Moran Intxausti. Bilbon urte askoan bizi izan zen eta lagunei Euskal Herria erakusten dabil egunotan. Ignaziotar Bidea, Loiolatik Manresara artekoa egiten dabiltza.
Cesar eta haren familia, ostera, Zaragozatik etorri dira Euskal Herrira. Zarautzen hartu dute ostatu eta egun pasa etorri dira Arantzazu eta Oñati bisitatzera.
Guztiei gustatu zaie gurean ikusitakoa, eta eskainitako zerbitzuekin oso pozik azaldu dira, baita debagoiendarrek egindako harrerarekin ere. Hala, gure bazterrak ezagutzera etortzeko gomendatu ere egingo dutela esan digute.