Goizean goiz ekingo zaio egunari Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.
Aharien erakusketa-lehiaketa
Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.
Bi motako animaliak izango dira lehiaketa-erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.
Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.
Latxaren lehiaketa morfologikoa izango da. Baina, animali horien arraza estandarrean oinarrituko dira epaileak ardi latxaren hautapen-eskeman sartu gabeko animaliak puntuatzean. Era berean, hautapen-eskemako animalietan, genealogia-balioak izango du lehentasuna (gurasoak, kumeak), morfologiaren gainetik.
Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mamie dastaketa eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.
Transhumantzia birgogoratuz
Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Era horretan, gaur egun, garraioak ematen dituen aukerei esker ahaztua dugun pasadizoa bizi ahal izango dugu.
Ruben Trincadori eta Ardiekin zentroari omenaldia
11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Ruben Trincado, Donostiako Mirador de Ulia jatetxeko jabe eta sukaldariak Idiazabal gazta gaztea ebakiko du. Baina, aldez aurretik, Ardiekin hazi-jartze eta latxa arrazaren errekuperazio zentroari omenaldia egingo zaio, bere 25. urteurrenean latxa eta karrantzana arrazak hobetzeko egindako lanagatik. Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko zaizkie Olaberriako Santi Etxezarreta artzainari eta Sunbillako (Nafarroa) Luis Vicente Larrarteren gaztandegiari ere.
Ohitura den moduan, goiz guztian zehar Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.
Bisitariek Idiazabal Pakete Gastronomikoaz gozatzeko aukera izango dute, non herriko bost jatetxek Idiazabal menu paregabe bat + D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentrorako sarrera bat eskainiko duten, guztia 23 eurotan.
Horrez gain, Astigarragako Sagardun partzuergoarekin dagoen elkarlanaren baitan, D´elikatuz Zentroa bisitatzen duen orok aukera izango du Idiazabal Gazta eta Sagardoaren Lurraldeetako pasaporte gastronomikoa lortzeko. Honen bitartez, beste hiru museo ezagutzeko aukera izango du bisitariak, Astigarragako Sagardoetxea, Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa eta Ezkio-Itxasoko Igartubeiti. Behin pasaportea osatutakoan asteburuko egonaldi baten eta beste zenbait sariren zozketan parte hartzeko aukera izango du bisitariak.
Artzain eguneko programari D´elikatuz Zentroan emango zaio amaiera, hurrengo egunean, apirilak 24, goizeko 11.00tan 6-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta egingo den Idiazabal Gazta dastaketarekin. Izen ematea ezinbestekoa izango da.
Egitaraua:
- 9:00- Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.
Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan. - 11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.
- 11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Ruben Trincado, Donostiako Mirador de Ulia jatetxeko jabe eta sukaldariak ebakiko du gazta berria.
Aldez aurretik, Ardiekin hazi-jartze eta latxa arrazaren errekuperazio zentroa omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira. - 11:30- Gazta egitea eta mamie dastaketa, Garagartza plazan.
- 11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
- 12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.
- 13:00- Lehiaketen garaikur-banaketa, Garagartza Plazan.