Izen handiak, gaueko lasterketa eta desafio itzela Aloñako Igoerarako

Julen Iriondo 2014ko api. 15a, 10:28
Iazko Aloñako Igoera.
Umeentzako ekintzak eta mahai-ingurua ere egingo dituzte lasterketaren hamargarren edizioan. Maiatzaren 2tik 4ra izango dira ekintzok. Oñatiar askok eman dute izena bai gaueko igoera bertikalerako eta baita domekako lasterketarako.

Egun bakarra beharrean maiatzaren 2tik 4rako asteburu osoa hartuko du aurten Aloñako Igoerak. Ohiko lasterketaz gain –eta hori ere ez da urterokoa izango–, beste hainbat ekintza antolatuz nahi izan dute hamargarren edizio hau modu berezian ospatu.

Lasterketa bertikala

Lasterketa bertikala egingo da egubakoitzean, egubakoitz gauean. Arantzazu azpiko Bellotzako zubian hasi eta Buetraitzeko tontorrera, 2,7 kilometroan 720 metro igoko dituzte. 21:30ean hasiko da lasterketa, eta frontalarekin joan beharko dute maldan gora. Euskal Herriko Txapelketa izango da proba, eta Koparako baliagarria ere bai.

Oraindik eman daiteke izena, eta dagoeneko izango direla konfirmatu dutenen artean daude Agusti Roc –Kilometro Bertikalean Munduko eta Europako txapelketak irabazitakoa–, Iñigo Lariz –Espainiako txapeldun iaz– eta Ionut Zinca –modalitate eta distantzia desberdinetan palmares ikusgarria duena–.
Lasterketa aurretik, baina, giroa berotze aldera, hainbat ekintza izango dira. Honela, Arantzazuko parketxeko sarrera doan izango da arratsaldean, eta ibilbide gidatuak ere egingo dituzte. Ondoren, pintxo-potea egongo da: Zelai-Zabalen, Sindikan, Hospederian eta Goiko Bentan, trikitilariek lagunduta.

Desafioa: txirrindulariak eta antxintxikalariak

Zapatuan emango diote jarraipena egitarauari. Umeentzako lasterketak eta puzgarriak izango dira plaza inguruan, eta desafio berritzaile bat ere bai Aloñako Igoeran orain arte ohiko izan den ibilbidean. Parte hartuko dute, besteak beste, Iker Karrera eta Walter Becerra mendi lasterkariek, Jon Odriozola, Mikel Astarloza eta Joseba Zubeldia txirrindulari ohiek, Markel Uriarte enduro pilotu aretxabaletarrak eta Iñigo Gabiria parapente pilotuak. 16:00etan izango da desafioa, bikoteka, eta igoeran eta jaitsieran diziplina desberdinak konbinatuz egingo dute.

19:00etan, berriz, mahai-inguru interesgarria egingo dute institutuko aretoan. Hizlari izango dira Iker Karrera, Oihana Kortazar, Walter Becerra, Ionut Zinca, Agusti Roc eta Jon Odriozola, eta Iñaki de Mujika gidari.

Mendiko lasterketa domekan

Eta domeka izango da mendi lasterketaren eguna –ohiko formatukoarena, nahiz eta ibilbide desberdinarekin–. 9:00etan hasita –irteera eta helmuga plazan–, 22,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek, 2.020 metroko desnibel positiboarekin. Aloñara iritsita, tontor gehiago egin beharko dituzte: Buetraitz, Akaitz, Arriurdin eta Artzanburu, mendilerroaren ipar aurpegian dagoen meatzarien bide zaharretik jaisteko gero.

Kluben arteko Euskal Herriko txapelketa izango da, eta lasterketan egongo dira, besteak beste, Jokin Lizeaga –Euskal Herriko selekziokoa–, Imanol Goñi eta Felipe Artiguez, Roc, Zinca eta Larizekin batera; nesketan, berriz, Alizia Olazabal eta Nerea Amilibia, adibidez. Dortsalik ez dago dagoeneko, baina itxaron-zerrendarako izena eman daiteke. Antolakuntzatik nabarmendu dute lasterketetarako izena eman duten oñatiarren kopuru handia eta Oñatiko Udalak egitarau mardul hau antolatzeko emandako laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak