Iruñeko NX taldeak eman zion hasiera emanaldiari. Orain gutxi sortutako taldea bada ere, eskarmentu handiko kideak ditu. Eszenatokian energia eta gogo handia erakutsi zuten. Metal musika, letra ederrekin nahastuz, hainbat aldarrikapen abesti jo zituzten. Kontzertua aurrera joan hala, entzuleak oholtzara gerturatzen hasi ziren poliki-poliki aretoko giroa berotuz.
Gose taldearen txanda etorri zenean ikuskizun ederra eman zuten, taldearen diskografia osoaren gainbegiratua eginez. Ines Osinaga, Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga (Osoron) hirukoteak trikitia, elektronika, jarrera punkia… nahasten ditu eta eskarmentu handiko musikariak direla erakutsi zuten beste behin.
Eszenografia zaindua zuten, oholtzaren atzean zituzten xafla argitsu eta koloretsuekin, nahiz eta, duda barik, musikariak eurak ziren protagonista, ezaugarri duten indarra eta gogoarekin. Emanaldi hasieratik, bertaratutako lagun eta entzule guztiak kantuan eta dantzan jarri zituzten, interakzio bikaina lortuz. Gosekoak, entzuleak besteko eroso zeudela sumatzen zen oholtzaren azpitik. Eszenatokia alde batetik bestera zeharkatuz kantatu zuten eta baita oholtzatik jaitsita ere.
Mikrofonoa publikoari emanaz
Publikoan, taldekoen lagun asko zeuden; horien artean, besteak beste, Osoron taldekidearen anaia. Harekin kantu bat abestu gura izan zuen Osinagak eta ezezkoa jaso zuen arren, azkenean, ikusleen txalo eta oihuek bultzatuta, lortu zuen abeslariak, Andoni Zubiaga kantuan jartzea.