Gaztelekuan ohikoak dira –baina Oñatitik kanpo, ezohikoak– domeka eguerdietako antzezlanak, eta oraingoak ere lagun talde polita erakarri zuen. Ohi baino jende gutxiago joan zen –oporrak hasiak ziren askorendako, beste ikuskizun batzuk ere bazeuden eta, azkenik, gaiak zenbait ikusle uxatu zituen–, baina ikusi zutenek gustura jarraitu zuten antzezlana. Gaztelekuko Jon Lopez teknikariaren esanetan, argi geratu zen "umeek, askotan, helduek baino tabu gutxiago dituztela"; izan ere, antzezlana 6 urtetik gorakoendako zen.
Antzezlan horretako protagonista neskatila bat da; anaia hil egiten zaio halako baten. Ordutik aurrera bilaketa bat gertatzen da, eta horrek doluaren eta heriotzaren inguruan hausnarketa egiteko balio du.
200 ikusle astero
Arrakasta handia dute Oñatiko Gaztelekuaren domeketako antzerki saioek. Irailetik apirilera izaten dira, guraso eta umeendako kultura eskaintza gisa neguak dirauen bitartean. 200 lagun inguru joaten dira astero-astero.