2.000 lagun inguru igo dira oinez Arantzazuko erromesaldian

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko api. 12a, 16:29

9:30ak puntuan irten dira Arantzazura erromesaldian bailarako eta kanpotik etorritako 2.000 lagun inguru Erramu zapatuan. Jose Inazio Munilla Donostiako gotzaina aurrean dutela egin dute ibilbidea, 'Ebanjelioa poz iturri' lelopean. Oñatitik Arantzazurako bidea otoitz, bertso, abesti eta isiluneekin egin dute eta bertaratutako fededunek "gustura" egin dute urteroko ibilbidea.

Bertaratutako asko, urtero joaten diren horietakoak izan dira, eta beste batzuk, aldiz, euren lagun fededunei laguntzera joandakoak direla ere adierazi dute.

Antolakuntza "ona"

Guztiak baina, pozik ikusi ditugu eta erromesaldiaren antolakuntza "ona" nabarmendu du batek baino gehiagok: "Ibilaldia Iñaki Beristainek gertatuta egoten da eta esanguratsua izaten da, jende guztia oso pozik etortzen da", esan du aretxabaletar batek. "Badira 20 urte edo etortzen naizena; txingorrarekin, eguraldi onarekin... ikaragarri gustatzen zait eguna eta hemen urtero egiten ditut lagun berriak", azaldu du antzuolar batek. Gernika, Donostia, Andoain edota Azpeititik etorritakoak ere izan dira, besteak beste. "Burua zentratzen eta kezka egoera lasaitzen laguntzen du egun honek", adierazi du donostiar batek.

Gotzainaren homilia

Arantzazura igo ostean, santutegian gotzainak esan duen homilian hauxe nabarmendu du: Elizaren bizitzan graziaz betetako uneen ardatz nagusiak. Jarraian duzue laburpena: "Elizaren bizitzan graziaz betetako unearen ardatz nagusiak hauek dira: Ebanjelizaziorako deia eta Konbertsiorako gonbidapenaren bategitea (...); apaltasunaren bideari ekitea (...); poza eta aldarte ona izatea (...); Ebanjelizazio berriak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa dugu Kristoren batasunean oinarria duen gure arteko batasuna (...); azkenik, Evangelii Gaudiumean garrantzi handia duen orientabidea azpimarratu nahi nuke, ahultasunaren babeserako deia eta pobreenen aldeko aukera, besteak beste".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak