Arratsaldeko 19:00etan hasi zen sari banaketa ekitaldia Beasaingo Igartza jauregian. Hantxe elkartu ziren antolatzaile, saritu eta herritarrak, eta bideo sarituak ikusiz banatu zituzten aurtengo sariak.
16 urtetik beherakoetan Zarauzko Etxebeltz bertso-eskolak jaso zuen lehen saria, Handitan bertsolari izan nahi dut lanarekin. Epaimahaiak bere osotasunean lanak duen balioa azpimarratu zuen. Bigarren saria Zurriola ikastolako ikasleek eraman zuten, Bertsotan non... eta ikastolan! lanarekin. Aukeratutako gaia eta trataera hartu ziren bereziki kontuan.
Helduen sailean bereziki azpimarratu nahi izan du epaimahaiak jasotako lanen kalitatea: "Hirugarren edizio honetan urtez urteko hobekuntzak lan ederrak utzi ditu", esan zuen epaimahaiak. Sari nagusia Lander Garro eta Maddalen Arzallusen Paradisua lurpean lanak eraman zuen, edizio eta bertso kantatu zoragarriz osatutako lanak. "Bertsomoviea osatzen duten osagaiek elkar nola osatzen duten benetan ikustekoa da, integrazio handiko lana", esan du epaimahaiak.
Aurkeztutako lan guztien artean beste bi sari ere banatu zituzten. Bertsorik onenen saria eta www.bertsomovieda.com webgunean astebetean bozkarik gehien jaso duen publikoaren saria ere Beira taldearen eta Izaskun Bernedoren Sar dedila kalabazan lanak irabazi zituen. "Aspaldiko ezagunak dira lehiaketan, urtero bideo ederrak bidali dizkigute eta aurten ere ez dira esku hutsik joan", esan zuten epaileek.