Herriko kirol plana prest egongo da urtebete barru

Txomin Madina Milikua 2014ko api. 5a, 16:18
Kirol eragileekin eta kirolariekin egingo da, parte-hartze prozesu bidez. Bi fase izango ditu eta hilabete honetako azken astean hasiko dira lehen bilerak egiten.

Jarduera fisiko eta kirol jarduerarako egitasmoa egiten hasi da udala. Hau da, kirolaren inguruko plan bat egiten. Plan horrek herriko kirol sistemaren garapen iraunkor zentzuzkoa bermatuko du, udalaren esanetan.

Bi fase

Plan hori herriko kirolariekin batera egingo du udalak. Batetik, kirol eragileekin (hemen sartzen dira, adibidez, ikastetxeak, Aloña Mendi eta beste elkarte batzuk) eta bestetik, kirola egiten duten herritarrekin, norbanakoekin. Parte-hartze prozesu baten bitartez gauzatuko da plana eta alde biekin batera egingo da partehartzea, paraleloan. 

Astigarragan egoitza duen Kirol Management enpresa arduratuko da plan hori egiteaz eta horko kide de Jon Ander Garcia de Kortazarrek adierazi duenez, apirileko azken astean hasiko dira lehen bilerak egiten: "Jakin gura dugu, adibidez, zer nolako instalazioak dauden, ze baliabide dauden kirola egiteko, zer erabilera duten, zein egoeratan dauden, herritarrek zein kirol egiten duten, zer falta duten, gustura dauden edo ez... Eta datu horiek jasotzeko bilerak eta galdetegiak prestatu ditugu".

Hilabete honetan hasi eta urtebete barru, datorren martxorako, bukatu gura dute plana. "Bi fase izango ditu: egungo analisia eta diagnosia, eta planaren diseinua", zehaztu du Garcia de Kortazarrek.

Plan integrala

Kirol plan honek, baina, kirola bera ez ezik jarduera fisikoa hartuko du kontuan. "Jarduera fisikoa bere osotasunean landuko da plan honetan, egitasmo integrala da zentzu horretan", argitu zuen Oskar Carrascal kirol teknikariak egubakoitzeko prentsaurrekoan.

Kirol departamenduarekin ez ezik, udaleko beste hainbat sailekin ere egingo dute lana diagnosia egin eta plana diseinatzeko, hala nola, hirigintza sailarekin edo euskara departamenduarekin, adibidez..

Parte hartzeko deia

Ainhoa Martin kirol zinegotziak azaldu zuenez, plan hau garrantzitsua da udalarendako: "Handia da kiroldegiko bazkide kopurua (4.000 baino gehiago), handia da bestelako instalazioak erabiltzen dituzten herritarren kopurua, handia da bere aldetik kirola egiten duten herritarren kopurua... Beharrezkoa ikusten dugu egoera aztertu eta beharrezkoa ikusten bada, egokitzeko tartea hartzea. Benetan sinesten dugu plan honetan eta herritarren iritziekin egin nahi dugu. Kirola egiten duten herritarrek orain dute aukera esateko zer faltan dagoen, zer ondo edo zer gaizki, eta eskatu gura diet denei parte hartzeko prozesu honetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak