Txirrinkak bizikleta eguneroko bizimoduko elementua izatea du helburu, eta pedalei ematen jarraituko du hori herritarren artean zabaltzeko.
"Gero eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta egunerokoan. Elementu berri bat da bai herriko mugikortasunean baita elkarbizitzan ere, eta hori landu behar dugu orain", azaldu du Txirrinka elkarteko Antton Zubiak.
Horretarako, hainbat ekintza egingo dituztela aurreratu du Zubiak: "Ipuin lehiaketa bat egingo dugu, eskolara bizikletaz joateko deialdia ere bai, sare sozialetan egongo gara eta hitzaldiak eta bideo emanaldiak ere antolatuko ditugu".
Aisialdirako ez ezik eguneroko bizimoduan ere bizikleta erabiltzeko sentsibilizazioa zabaldu gura du herrian Txirrinkak, eta horretara bideratuko ditu antolatuko dituen ekintzak.
Kanpaina
Horri lotuta, bazkide kanpaina ere jarri du martxan. Martxoko azken zapatuan, esaterako, kontzejupean egon ziren hainbat bizikleta eta informazio mahai baten ondoan. "Herritar asko etorri ziren eta pozik gaude", adierazi du Txirrinka elkarteko kideak. Hala ere, bazkide kanpainak aurrera jarraitzen du eta edozein momentutan dago aukera 10 euroren truke Txirrinkari laguntzeko. "Horretarako modu errazena izan daiteke bilera batetara etortzea. H¡ileko lehen astelehenetan elkartzen gara Zubikoa kiroldegian, 19:15ean", zehaztu du Antton Zubiak.