Jaialdiak hiru zati desberdin izango ditu eta herriko haur abesbatzak izango dira protagonista nagusienak.
Ekimenaren lehenengo bi zatietan, Ikastetxeak Kantari-ko taldeak, Musika Eskolako abesbatza, Ganbara Txikitxo eta Ganbara Txiki taldeak elkarrekin arituko dira. Talde guztiek elkarrekin, zirkua ekarriko dute Oñatira eta hori iragartzeko eguerdian kalejira bat egingo dute herriko kaleetatik.
12:00etan, Etxaluzeko plazan hasita, musikaz eta kantuz beteriko kalejira koloretsuarekin abiatuko da hirugarren Kantua Kalean. Kalebarria, Atzeko kale, Kalegoiena eta Errementari Plaza zeharkatu ondoren, herriko plazan amaituko dute haurrek goizeko kalejiraren saioa.
Goizeko kalejira arratsaldean etorriko den ikuskizunaren aurrekari txiki bat besterik ez da izango. 16:30ean hasita, Gaztelekua zirku erraldoi batean bihurtuko da. Lehoiak, pailazoak, trapezistak, magoak… denetarik egongo da. Talde guztiek, berriz ere elkarrekin, ordubeteko ikuskizuna eskainiko dute.
Helduen txanda
Haurren emanaldiak amaitutakoan, helduen txanda iritsiko da. Kantua Kalean ekimenaren hirugarren atal honetan, Ganbara Abesbatzak, Oñati Abesbatzak, Parrokiko abesbatzak eta Jubilatuen abesbatzak kantu-kalejira osatuko dute. Kalejira 18:30ean hasiko da, Etxaluzen, eta bost geldialdi izango ditu: Etxaluzen bertan, Guria parean, Portun, Ona pareko plazatxoan eta herriko plazan; bertan amaituko da kalejira.
Geldialdietan, abesbatzek, txandaka, bakoitzak bere ordu laurdeneko saioa eskainiko du. Emanaldia amaitzean, bertan bildutako ikusle eta abeslariek, elkarrekin, kantu herrikoi ezagun bat kantatu ahal izango dute aurrez banatutako kantu-paperei esker. Kantu paperak kalejiran zehar banatuko dira eta Oñatiko hainbat tabernetan eskuratu ahal izango dira.
Txistorra, gazta eta txokolatea
Eguna borobiltzeko, Ganbara Txikik txozna txiki bat atonduko du plazan. Eguerdi eta arratsaldeko azken orduetan, txistorra eta gazta dastatu ahal izango dira bertan; eta arratsaldean, zirkuko ikuskizunaren amaieran, txokolatea dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Zirkuko ikuskizunerako sarrerak goizean txoznan bertan salgai egongo dira eta ikuskizunerako sarrera bakoitzarekin baso bat txokolate eskuratu ahal izango da txoznan.