Enpresa berrien sustatzaileei, eta mikroenpresa eta enpresa txikiei herriko langabetuak kontratatzeagatik Udalak emango dituen laguntzak arautzen dituen araudia onartu zuen Oñatiko Udalbatzak, atzoko osoko bilkuran. Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, besteak beste, Oñatin egoitza eta jardun eremua duten pertsonek eta enpresek.
Laguntza horiek jasotzeko bete beharreko baldintzak ere jasotzen ditu araudi horrek. Esaterako, 50 langile baino gutxiago dituzten herriko enpresak diru-laguntza izango dute, Oñatiko langabetu bat kontratatzeagatik. 1.000 euroko laguntza izango da. Eta langabetuaren ezaugarriak kontuan hartuta, laguntza gehigarriak izango dira. Emakumea bada, esaterako, laguntza 1.300 eurokoa izango da.
Bestalde, enpresa berrien proiektuak egiteko ere egongo da diru-laguntza; 300 euro eta 900 euro arteko laguntza, hain zuzen ere, enpresa motaren arabera. Enpresa sortu ostean, 1.000 euroko laguntza jasoko dute sortzen duten lanpostu bakoitzeko. Aktibitatea lehen sektorekoa bada, 3.000 eurokoa izango da laguntza ekonomiko hori.
Laguntzak eskatzeko epea abenduaren 15ean bukatuko da. Enplegu bulegoan eskatu daiteke honi buruzko informazioa.
Bestalde, atzoko osokoan Lezesarri eta Uribarri auzoetako alkate berriak ere onartu zituen udalbatzak. Baita herriko bederatzi eragilek Eteoko lokalak erabiltzeko hitzarmena ere. Guardia Zibilak Ceutan izandako jarrera ere gaitzetsi zuen udalbatzak, mozio bidez. Mungiako hilketaren eta dispertsioaren aurka ere egin zuten udal ordezkariek. Horri lotuta, elkartasuna adierazi zioten preso bat bisitatzera zihoala istripua izan zuen Susana Uribetxeberria herritarrari.