Pake Lekuk 43.000 euroko aurrekontua onartu du

Txomin Madina Milikua 2014ko mar. 24a, 11:25

Aurrerantzean 80 urte gorakoek kuota ordaindu eta botoa eman ahal izango dute, gura izanez gero. Egubakoitzean Santa Anan egindako urteko batzar orokorrean onartu zuten.

Joan den egubakoitzean egin zuten Pake Leku erretiratuen elkarteko bazkideek urteko batzar orokorra. Hantxe onartu zituzten, besteak beste, aurtengo aurrekontua eta 80 urtetik gorako bazkideen egoera aldatzeko proposamena.

80 urtetik gorakoak

Puntu horixe izan zen, hain zuzen ere, aurtengo batzar orokorreko punturik berritzaileena. "Orain arte 80 urtetik gorako bazkideek ez zuten kuotarik ordaintzen, eta ondorioz ez zuten boto eskubiderik. Adin horretako kide batzuk, baina, boto eskubiderik izan ez arren lana besteek bezala egiten dutela kexatu dira. Hori kontuan izanda, proposamena hauxe izan da: adin horretako bazkideek eurek aukeratu dezatela, borondatez, kuota ordaindu (10 euro urtean) eta botoa eman, edo kuota barik eta boto barik jarraitu. Proposamenak jasotzen du, dena dela, erabaki hori bakoitzarena izatea, hau da, ez zaie berdina aplikatuko adin tarte horretan dauden guztiei, bakoitzari bere erabakia baizik", adierazi du azken urte honetan Pake Lekuko presidentea izan den Jabier Galartzak. Egun, 1.500 bazkide ditu Pake Lekuk eta 1.023 dira 80 urtetik azpikoak.

Aurrekontua

2104rako 42.000 euroko aurrekontua ere onartu zuten egubakoitzeko batzarrean. "Bidaiak ez dira sartzen kopuru horretan. Egun- pasa joateko irteera bat egiten dugu hilean, eta iraupen luzeko beste lau antolatu ditugu aurten: Tenerifera, Benidormera, Poloniara eta Algarvera. Izugarrizko arrakasta izaten dute bidaiek; 150.000 euroko poltsa sortzen dute", zehaztu du Jabier Galartzak. Bidaiaz gain, aurten ere makina bat ikastaro, hitzaldi eta ekitaldi egingo dituzte.

Erabaki horiek hartzeaz gain, elkarteko zuzendaritzako kide berriak ere aukeratu zituzten. 14 lagun daude zuzendaritzan, eta erdia berriztu da. Presidente berria Jose Mª Igartua da. 

Gipuzkoako erretiratuak Oñatin

Bestalde, Gipuzkoako erretiratuen jaia egitea gura dute Oñatin, duela 17 urte egin zen moduan. Urriko azken astean egingo dute eta 600 lagun elkartzea espero dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak