German Mirassou: "Ondo bizi izateko, lehen eginbeharra da bertako kulturan-eta barneratzea"

Julen Iriondo 2014ko mar. 25a, 12:00

German Mirassou, Oñati tabernako barran.
Argentinan euskararen berri ez zuela dio; baina Euskal Herrira iritsi eta lasterrera hasi zen ikasten, beharrezko jota. Gaur, bere bizitzako parte da euskara.

Elkarrizketa proposatzeko deitu nizunean, "bai?" esanda erantzun zenuen telefonoa? Euskaraz egiten duzu bizitza?

Hasiera baten, bai. Toki bakoitza da desberdina, eta ondo bizi izateko egin beharreko lehenengo gauza da moldatzea, bertako kulturan-eta barneratzea.

Iritsi eta berehala hasi zinen euskara ikasten, edo denbora bat behar izan zenuen kokatzeko-eta?

Hiruzpalau hilabete pasatu ziren. Handik aurrera euskaltegira joan nintzen. Gero, tabernan praktikatu nuen, eta baita etxean ere. Emaztea hemengoa da, eta umeekin pila bat ikasten da.

Gaur egun, lanerako, lagunekin, familian... erabiltzen duzu.

Bai, nahiko ondo moldatzen naiz. 

Zenbat denbora egin zenuen euskara ikasten?

Lehenengo sei hilabete, eta gero beste lau hilabeteko ikastaro bat egin nuen.

Urtebetean ikasi zenuen, hortaz, gehi eguneroko praktikarekin.

Bai, gehiena izan zen praktika. Iaz egin genuen proiektu bat, oso polita, ipuin liburu bat, umeekin eskolan, eta hura ere dena euskaraz. Nik ipuin bat idatzi nuen andereño batekin batera, beste 24 ipuin elkarri lotzeko. Denon artean egin genuen, euskarari bultzada emateko, bai irakurketari eta bai idazteari dagokionez. Nahiko konprometitua sentitzen naiz euskararekin.

Euskararen ezagutzarik bazenuen aurrez? Bazenekien bazenik?

Argentinan badaude euskal etxeak eta, baina, hala ere, ez nuen euskara ezagutzen. 

Hona iritsi eta ikusi zenuenean jendea beste hizkuntza batean bizi zela, oztopo edo erronka izan zen zuretzat hori?

Motibatu egin ninduen. Motibazioa eta desafio handia izan zen niretzat hori. Nire helburu nagusia zen jendeari ulertzea. Eguneroko komunikaziorako inportanteena hori da, eta hemen behar da euskara. Oso pozik nago euskara ikasi izanagatik. Ikasten jarraitzen dut oraindik, baina nahiko ondo moldatzen naiz.

Eta zergatik atera zinen Argentinatik?

Nire arreba hemen zegoen, eta ama ere bai. Han nahiko gaizki zeuden gauzak, eta hona etortzea erabaki nuen. Denbora bat pasa eta itzultzeko asmoa nuen. Baina etorri eta gauzak joan diren modura, ez naiz itzuli. 

Bizitza hemen ikusten duzu?

Bai, oso gustura nago, oso pozik.

Imajinatuko zenuen inoiz zure bizilekua Euskal Herrian egongo zenik?

Egia esan, ez. Baina pozik nago. Familia daukat hemen dagoeneko, emaztea eta hiru seme-alaba. Lana ere bai, eta baita lagunak ere.

Herriminik baduzu, dena den?

Hasieran, izaten nuen, baina dagoeneko ez dut. Ohituta nago. Nahiko ondo eramaten dut.

Joaten zarete hara noizean behin?

Ez, oraindik ez gara joan. Badut familia han, baina hemengo guztiok batera joateko diru pila bat behar da eta oraindik ez gara joan. Baina egunen baten joango gara. Joango gara eta ikusiko ditut familiakoak eta lagunak. 

Argentinan ere ostalaritzan lan egin zenuen?

Ez, Argentinan ez. Sorosle egin nuen lan, igerilekuan, eta irakasle ere bai, soinketan. 

Gustura zabiltza tabernan lanean?

Bai, oso gustura. Koinatuarekin sartu nintzen, abentura moduan. Langabezian geunden biok; urtebete pasa daramagu dagoeneko, eta pozik. Esperientzia polita izaten ari da, eta aurrera goaz.

Harremanetarako lanbide ona izango da...

Bai, oso ondo etortzen da. Jende askorekin duzu harremana egun osoan, hitz egin...

Lan gogorra ere bada, dena den.

Bai, alde ona eta txarra ditu: libratu gutxi, ordu asko, asteburu eta jai egunetan lan... baina beno, pozik gaude. Oso pozik etortzen gara lanera, aurrera goaz, gure proiektua da. 

Nola definituko zenuke zuen lana Argentinako erdaran?

Laburo jodido esango nuke. Baina pozik gaude, ahal bada urte pila batean jarraitzeko asmoz, hala izan dadila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak