Ehunka lagun irten dira kalera Cegasa Taldeko lanpostuen defentsan, Gasteizen

Irati Goitia 2014ko mar. 22a, 21:41
Cegasako langileek Gasteizen egin duten manifestazioaren burua.
Manifestazioa egin dute gaur Gasteizen, 900 langileen lanpostuen defentsan, Gasteizko kaleetan zehar. Amaieran komunikatu bat irakurri dute. Instituzio eta bankuei eskatu diete ez dezatela Taldea erortzen utzi.

Cegasako langileek manifestazioa egin dute gaur, Gasteizen. Ehunka lagun batu dira hiriko kaleetan Cegasa Taldeko lanpostuen defentsan. Bilbao plazatik abiatu da kale-agerraldia eta kale nagusiak zeharkatu ditu.

Komunikatua

Amaieran, komunikatu bat irakurri dute. Instituzioei eta bankuei eskatu diete ez dezatela Taldea erortzen utzi, negozio bideragarriak daudelako. Hala, alde guztien inplikazioa eskatu dute eta Juan Zelaiari itsasontziaren lema aldatzeko eskatu diote. Langileek adierazi dute egungo zuzendaritzaren kudeaketak eraman dituztela egoera honetara. Honakoa dio komunikatuak: "Zuzendaritzak hartu dituen erabaki okerren ondorioak pairatzen ari gara, eta horren ondorioz, 900 langile kale gorrian gera daitezke. Begi bistakoa da enpresaren azken erabakiak bide okerretik joan direla".

Eskaerak

Bestalde euren eskakizunak hiru puntutan laburtzen dituzte. Hona hemen, hitzez hitz:

1. Banku hartzekodunei eskatuko diegu kapital zirkulatzaile-bideak irekita eusteko gure enpresen jarraikortasuna bidezkoa izan dadin. Uste baitugu guztion diruaz bankuak ez ezik gure lanpostuak ere lagundu behar direla. Bankuei eskatu behar diegu gure herriko ekoizpen egiturari eusten laguntzeko.

2. Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta eragindako erankundeei eskatuko diegu gure laguntzeko, gure lanpostuen eta egun arriskuan dauden lanpostu guztien atzetik, miseriaren eta diru laguntzen menpe bizi nahi ez duen gizarte bat dagoelako. Horretaz gain, erakundeei eskatu behar diegu enpresa pribatuei ematen zaizkien fondo publikoak hobeto eta gehiago kontrolatzeko. Izan ere, fondo horiek, askotan, jarduera lekuz aldatzeko erabiltzen dira, Euskadiko enpresa-proiektuak sendotzeko eta enpleguari eusteko erabili beharrean.

3. Egungo zuzendaritzak ezin txarrago burutu duen kudeaketagatik dituen erantzukizunak argitzeko bideak aztertu behar ditugu. Egoera honetara eraman gaituzten pertsonek nekez aterako gaituzte bertatik. Horregatik Juan Zelaia eta akziodun nagusiei eskatzen diegu parte-hartzeko eta norabidea aldatzeko, enpresa-proiektu honen jarraipenaren alde eginez.

Manifestazioa, Oñatin

Hurrengo zapatuan, hilak 29, Oñatin egingo dute beste manifestazio bat. Plazatik abiatuko dira 12:00etan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak