Denen artean saio txukuna eta ederra eskeini zuten Ama-Lur Elkartean bildu ziren 60 bertsozale ingururen aurrean. Ofizioak, bakarkako lanak eta trikitarekin lagundutako kopla saioa osatu behar izan zuten lan puntuagarrietan. Horiei hasierako eta bukaera agurra batzen zitzaizkien, bi hauek etziren puntuagarriak. Bukaerako agurrean zazpi bertsolariek saioarekin gozatu izana aitortu zuten, eta halaxe eskertu zituzten entzuleek beraien txalo zaparrada eskeiniz.
Beste hiru debagoiendar ere badira eskolartekoan, Ixak Sarasua aretxabaletarra, Ane Zuazubizkar arrasatearra eta Urko Arregi oñatiarra. Ixakek dagoeneko jokatu zuen bere kanporaketa, eta datorren apirilaren 4an jokatuko dute Urkok eta Anek Mutrikun.