Hiri-Mugikortasun Iraunkorreko Planaren baitan bizikleten eta oinezkoen Udal sarea garatzea lehenetsi dute. Hurrengo urratsa, sarea Olabartarantz luzatzea litzateke eta, horretarako, hiru zatiren azterketak egin eta proiektuak zehaztea eskatu dio Oñatiko Udalak Sestra Ingenieria y Arquitectura enpresari.
Hiru zati
Hiru zatitan egingo dute bidegorri zati berria. Lehenak, Olakua eta San Lorentzoko bidegorria Ugarkalde auzoarekin lotuko luke. Bigarrena Ugarkaldetik Olabarrietaraino joango litzateke, GI 2630 errepidearen ertzetik eta hirugarrena, Olabarrieta eta Murgia auzoetan barrena dabiltzan oinezkoek erabiltzen dutena. Puntu horretan egingo dituzte lanik ikusgarrienak.
18.000 euro
Lana egiten hasi aurretik, Udalak, aipatu hiru proiektuen idazketa, lanen zuzendaritza eta segurtasun eta osasun koordinazioaren aurrekontu zehaztea eskatu zion Sestra enpresari. Bakoitzak, ia 18.000 euro gehi BEZaren kostua izango lukeela ikusita, Udalak, proiektuak lantzeko diru laguntza eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Diru laguntzak
Foru Aldundiak orain dela gutxi kaleratu ditu Gipuzkoan Bizikleten eta Oinezkoen bideen Udal Sareak garatzeko laguntzak emateko deialdia. Oñatin egin asmo dituzten hiru tramuak laguntza horietan sartu ditu Udalak.
Oinarrietan zehazten denez, Foru Aldundiak, gehienera, babestutako proiektuaren kostuaren %75a lagunduko du diruz. Eta jasotako diruaren justifikazioa, azaroaren 15erako aurkeztu beharko da. Horrek esanahi du, lanak ez, baina proiektuak bai, ordurako amaituta behar dutela.
Foru Aldundiaren diru laguntzak eskatzeko epea martxoaren 21ean amaitzen da