Euskadiko txapelketarako igoera fasean dago Aloña Mendiko eskubaloi taldea

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko mar. 20a, 12:40

Izarraitz-Aloña Mendi taldea lesionatu zen taldekide baten omenez ateratako kamisetarekin.
Izarraitz Taberna-Aloña Mendi eskubaloi taldeak Euskadiko txapelketarako igoera fasea jokatuko du. "Sekulakoa da aukera hau taldearendako. Oso pozik gaude eta gogotsu jokatuko ditugu igoerako partiduak", adierazi du taldeko entrenatzailea den Rafa Zuluetak.

Denboraldi hasiera ondo hasi zuen taldeak, eta hobeto jarraitu du. "Egia da hasieran baja batzuk izan genituela, baina gogoz, konfiantzaz eta jokoarekin gozatzeko helburuarekin hasi ginen jokatzen eta denboraldi ona egin dugu. Bi partidaren faltan, itzuli biak oso antzerakoak egin ditugu: lehenengoan bi partidu galdu eta bat berdindu genituen, eta bigarrenean, oraingoz, berdin egin dugu", dio Rafa Zuluetak.

Emaitza horiekin, hirugarren postuan dago Gipuzkoako ligan. "Azken bi denboraldiak ez dira oso onak izan. Duela bi urte zortzi partidu irabazi genituen eta joan den urtean bost bakarrik. Hala, aurtengo helburua izan da ondo pasatzea. Eskubaloia gustatzen zaigu, eta gure helburua horixe zen, gustatzen zaiguna eginez ondo pasatzea. Ez dugu inolako presiorik izan, konfiantza jarri dugu eta eta disfrutatzea izan da gure helburua. Eta emaitza oso ona izan da, bai", dio Izarraitz-Aloña Mendi taldeko entrenatzaileak.

Sei taldeko igoera

Sei taldek jokatuko dute Euskadiko txapelketarako igoera fasea, Gipuzkoako lauk eta Bizkaiko bik. Araban ez da aurten ligarik sortu eta hango talde bakarrak Gipuzkoan jokatu duenez, Arabari dagokion plaza Gipuzkoak hartu du.

Gipuzkoako lau taldetatik hiruk lortuta dute igoera faseko pasea: Irungo Gaztiak EKE, Ordiziako eskubaloi taldea eta Oñatiko Izarraitz-Aloña Mendi. Laugarren taldea zein den jakingo da liga bukatzeko falta diren bi partidak jokatu ostean. "Ikaragarria da taldeetako bat Aloña Mendi izatea. Sekulako aukera da jokalariendako fase hori jokatzea, ez da urtero gertatze-eta. Aloña Mendik hiru igoera fase jokatu ditu 36 urtetan, pentsa", dio pozik Zuluetak.

Une honek, baina, euren jokoa ez baldintzatzen saiatuko dira etxeko jokalariak. "20 urte inguru dituzte taldeko jokalariek eta urduri ere badaude. Galdera asko egiten dituzte igoera faseari eta Euskadi mailako kategoriari buruz. Nik esaten diet orain arteko emaitzak jokoarekin disfrutatu egin dugulako lortu ditugula, eta berdin jarraitu behar dugula, ondo pasatzen, alegia. Ondo ulertu dute mezua eta horixe egingo dugu, ondo pasatu", gaineratu du.

Domekan, Urnietaren kontra

Igoera fasea bost partidutara da baina horren aurretik ligako azken bi norgehiagokak jokatu behar ditu Izarraitz-Aloña Mendik. Domekan Urnieta hartuko du etxean, 11:30ean, eta hilaren 30ean Zumarragan jokatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak