Azken diskoko kantuekin hasi eta lan guztietako kantuak tartekatu zituzten gero Willis DRummond-ekoek. Bero-bero zeuden jarraitzaileen egarria asetzeko, hiru kantu ezagunekin borobildu zuten errepertorioa.
Herriko Bagauda taldeak hartu zuen lekukoa eta iaz kaleratutako izen bereko laneko kantuez gainera, hainbat bertsiorekin, tartean, Hellacopters-ren Soulseller kantuarekin osatu zuten zegokien zatia. Ezagun zen etxean jokatzen zutela, zaleek ere, gogotsu abesten zituzten-eta ondo ikasitako kantuak; izan zen, era berean, soinu teknikariengana bolumena igotzeko eskatzera joan zen gurasoa ere.
Eibarko EH Sukarra izan zen taula gainera igotzen hirugarrena. Iaz kaleratutako Uhinak diskoko kantuak jo zituzten gehienbat, baina baita hastapenetako abestiak ere; 10 urte kartzelan eta Kasko gorriak, horien artean. Aurrez soinu-frogak egin barik, emanaldian zehar joan ziren soinuari neurria hartzen, hala ere, audio-akatsak ez ziren zaleen gozamenerako trabarik izan.
180 lagun batu ziren
Nahasketa handia zegoen publikoan: jatorri eta adin askotakoak. Guztiak baina, sekulako jai giroan; bitxikeria moduan esan, garagardoa ere agortu zela