Udaberria hemen da eta, ohi bezala, Pake Leku elkarteko lagunek ongietorria egingo diote; hainbat ekintza antolatu dituzte aste honetarako: antzerkia, abesbatzak, hitzaldia, bingoa eta baita irteera bat ere.
Gaur –astelehena– bertan hasiko da egitaraua. 18:00etatik aurrera, emanaldia egingo dute Agustindarren elizan Pake Lekuko Aloña abesbatzak eta Donostiako Kantuz Bizik.
Martitzenean, berriz, diabetearen gaineko hitzaldia izango da erretiratuen elkartearen egoitzan. Isabel Arenaza eta Kiskitza Alustiza izango dira hizlari, anbulatorioko erizainak biak. 17:30ean izango da.
Antzerkiaren txanda eguaztenean izango da. Gure Arbola Zaharra erretiratu eta pentsiodunen elkarteko taldeak Vaya lio de padres izeneko lana ekarriko du Gernikatik. Lehenago ere Oñatin egondako taldea da bizkaitarra, Pake Lekuko antzerki taldearekin trukea egiten dute eta –Ikusi Makusikoak iaz izan ziren han–. Santa Anan izango da emankizuna, 17:00etan hasita, eta sarrera doan izango da.
Eguenean eta egubakoitzean izango dira egitarauko azken bi ekintzak. Opari zozketa eta guzti eguenean egingo duten bingo bereziaren ostean –Pake Lekun, 17:00etan–, egubakoitzean irteera egingo dute Arantzazura. Aizkorri-Aratzeko parketxea eta santutegiko klaustroko argazki bilduma ikusiko dituzte bertan.
Bidaia eta batzarra
Aste honetarako, kontuan hartu beharreko beste batzuk ere badituzte Pake Lekun. Honela, gaur eta etzi –18:00etatik 20:00etara– eman ahal izango da izena elkarteko bulegoan ekain bukaeran Poloniara egingo duten bidaiarako. Ekainaren 30etik uztailaren 7ra izango da bidaia, eta Poloniako hiri eta bestelako leku esanguratsuak bisitatuko dituzte. Izena emateko 1.130 euro ordaindu beharko dituzte bazkideek, eta 70 gehiago ez direnek.
Bidaiarako izena emateko aukera, beraz, aste honetan, eta baita Pake Lekuren batzar orokorra ere. Egubakoitzean izango da –Arantzazutik bueltan–, 17:00etan lehen deialdian eta 17:30ean bigarrenean.