Oñati Bizirik ekimenekoek adierazi dutenez, "baliabide askorik barik egindako grabaketa azkar" bat da diskoa, nahiz eta ahalik eta "emaitzarik txukunena" lortu nahi izan duten. Diskoa osatzen duten abestiak zuzenean grabatuta daude eta, ostean, soinu teknikari baten eskuetan laga dute grabazioa "ukitzea eta hobetzea". Grabaketa abenduaren 26an egin zuten Antixenako gaztetxean.
Oñati 3izirik diskoan parte hartzen duten talde guztiak Oñatikoak dira, eta hasi berri samarrak edo behintzat emanaldi askorik egin gabekoak eta diskorik argitaratu gabekoak, Antixenakoen esanetan. "Baliabide askorik erabili barik herriko musika talde berri samarrei bozgorailu bat eskaintzea" izan da asmoa.
Ez da planteamendu honekin atera den lehendabiziko diskoa, ordea. Aurretik, Oñati bizirik (2006) eta Oñati 2zirik (2009) diskoak ere antzeko planteamenduekin plazaratu ziren.
'Oñari 3zirik' diskoaren azal ikusgarria.
Bederatzi talde
Oraingo disko berri honetan parte hartu duten taldeak honako hauek dira: Gela berezia, Zuen azkena, BENEH, Obstrucción nasal, Ander Etxaniz (bakarlaria), Buru hilketa, Gomiztegiko artzainak, Ixilik eta Aran & Laket (bikotea).
Diskoa hiru eurotan salduko dute eta hainbat tokitan eskuratu ahal izango da, baina aurkezpen-kontzertuan, sarrerarekin (lau euro) eskuratu ahal izango da.