Bihar eguerdian, esaterako, elkarretaratzea egingo dute plazan Emakumeon borroka eta elkartasun eguna lelopean. Ondoren, kalejira izango da eta, horren ostean, Txantxiku Emakumeon bazkaria egingo dute Antixena gaztetxean.
Iluntzean, berriz, Emakumeak protagonista izeneko bakarrizketa egingo du Ixabel Agirresarobek. "Idatzita dauden istorioak kontatuko ditut. Horietako bi, esaterako, Toti Martinez de Lezeak idatzitakoak dira. Baina badira Azkuerenak eta Errose Bustintzarenak ere. Emakumeak dira ipuin horien protagonistak, eurek egindako gauzengatik aurrera egin dutenak. Hau da, egoera jakin batzuetan erabaki dutenak edo egin dutenak du garrantzia, erabaki hori eurek hartu dutelako, eurak izan zirelako euren buruaren jabe", dio Ixabel Agirresarobek.
Bakarrizketa soila ere ez dela izango aurreratu du Agirresarobek: "Teknikari baten laguntza ere izango dut eta efektu batzuk sartuko ditu. Antzerki ukitua izango du ikuskizunak".
Gaztelekuan izango da, 19:00etan, eta gaztetxoenetatik hasi eta helduenganaino zuzenduta egongo da. "Denak daude gonbidatuta", dio.
Zortxintxiketan
Bestalde, gaur, egubakoitza, egingo da Martxoaren 8aren bueltan Abixaran taldeak antolatutako II. herri antxintxikaldia. 18:00etan izango da Foruen plazan eta 2,5 kilometroko ibilaldia prestatu dute korrikalariendako. Herritar guztiak daude gonbidatuta.
Abortua eta minbizia
Abixaran taldearekin batera, Udala, Andraitz, Oñatiko Emakume Asanblada eta Elkarhezitzen ere batu dira biharko egunaren bueltako ekintzen antolatzaileen zerrendara.
Honela, asteburu honetako ekintzez gain, datozen egunetan egingo diren hitzaldi, ikastaro eta tertuliak ere antolatu dituzte, besteak beste.
Hitzaldiei dagokienez, astelehenean, abortuaren lege berriari buruz mintzatuko da Begoña Zabala abokatu feminista nafarra. Hilaren 18an, berriz, bularreko minbiziari buruzko hitzaldia egingo dute Katxalin elkarteko kideek. Abortuartea erakusketa ere egingo dute eta udal langileek Hizkuntza eta irudi ez sexistaren erabilpena izeneko ikastaroa egingo dute.