Martxoak 8, aldarrikapena eta ospakizuna

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko mar. 7a, 08:49
Ixabel Agirresarobe aktorea, antzezten
Atzoko zineklubeko filmarekin hasita, askotariko ekintzak egingo dira datozen egunetan herrian: hitzaldiak, antzerkia, bazkaria, ikastaroa, tailerra, tertulia literarioa, kale agerraldia...

Aldarrikapena eta ospakizuna elkarrekin ikusi eta adieraziko dira Martxoak 8 egunari begira antolatu diren ekitaldietan. Izan ere, hitzordu asko antolatu dira herriko eragile ezberdinen eskutik eta jorratuko diren gaiak ere denetarikoak izango dira.

Bazkaria eta bakarrizketa

Bihar eguerdian, esaterako, elkarretaratzea egingo da plazan Emakumeon borroka eta elkartasun eguna lemapean. Ondoren, kalejira izango da eta horren segidan, Txantxiku Emakumeon bazkaria egingo dute Antixena  gaztetxean.

Iluntzean, berriz, Emakumeak protagonista izeneko bakarrizketa egingo du Ixabel Agirresarobek. "Idatzita dauden istorioak kontatuko ditut. Horietako bi, esaterako, Toti Martinez de Lezeak idatzitakoak dira. Baina badira Azkuerenak edo Errose Bustintzarenak ere. Emakumeak dira ipuin horien protagonistak, eurek egindako gauzengatik aurrera egin dutenak. Hau da, egoera jakin batzuetan erabaki dutenak edo egin dutenak du garrantzia, erabaki hori eurek hartu dutelako, eurak izan zirelako euren buruaren jabe", dio Ixabel Agirresarobek.

Bakarrizketa soila ere ez dela izango aurreratu du Agirresarobek: "Tekniko baten laguntza ere izango dut eta efektu batzuk sartuko ditu. Antzerki ukitua izango du ikuskizunak".
Gaztelekuan izango da, 19:00etan eta gaztetxoenetatik hasi eta helduenganaino zuzenduta egongo da. "Denak daude gonbidatuta", dio.

Zortxintxiketan

Bestalde, gaur, egubakoitza, egingo da Martxoaren 8aren bueltan Abixaran taldeak antolatutako  II. herri antxintxikaldia. 18:00etan izango da Foruen plazan eta 2,5 kilometroko ibilaldia prestatu dute korrikalariendako. Herritar denak daude gonbidatuta.

Abortua eta minbizia

Abixaran taldearekin batera, Udala, Andraitz, Oñatiko Emakume Asanblada eta Elkarhezitzen ere batu dira biharko egunaren bueltako ekintzen antolatzaileen zerrendara.
Honela, asteburu honetako ekintzez gain, datozen egunetan egingo diren hitzaldi, ikastaro edo tertuliak ere antolatu dituzte, besteak beste.

Hitzaldiei dagokionez, astelehenean, abortuaren lege berriari buruz mintzatuko da Begoña Zabala Nafarroako abokatu feminista. Hilaren 18an, berriz, bularreko minbiziari buruzko hitzaldia emango dute Katxalin elkarteko kideek. Abortuartea erakusketa ere egingo dute eta udal langileek Hizkuntza eta irudi ez sexistaren erabilpena izeneko ikastaroa egingo dute.

Agendan daude hitzordu guztiak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak