Lourdes idoiaga Oñatiko EAJko zinegotziak salatu du azkenaldian, bai gutun eran eta baita kartel eran ere bere kontrako adierazpenak agertu direla herrian. Adierazpen hauetan lapurretan egitea leporatzen diote Idoiagari, 2003an, ezker abertzalea legez kanpo zegoela egindako hauteskundeen ostean zinegotzi kargua hartu izanagatik. "Guztia hasi zen udal aldizkarian agertu zenean Lourdes idoiaga Urkiak lapurtu egin zuen izeneko idatzi bat. Idatzi iraingarria zen, baina larriena da Udal Gobernu buruen oniritziarekin argitaratu zela" dio Idoiagak. Zinegotzi jeltzalearen esanetan, Bilduk eta ezker abertzaleak eroan izan duten estrategia "erasotzailean" kokatzen dute gertatua: "Denbora askoan EAJren kontra jo izan da edozer gauzagatik. Horrek kultura bat sortzen du, eta kultura hori desarme batera eroan behar da".
Mikel Biain Oñatiko alkateak, bestalde, esan du kritika politikoa zilegi den arren, kritikatzen denaz gain nola kritikatzen den ere garrantzitsua dela: "Kasu honetan, forma eta eduki aldetik, ez da inolaz ere egokia". "Herri honek badu bere historia, kasu askotan zoritxarrezkoa; esaterako, duela hamar urteko ilegalizazioa garaia. Hori hor dago, baina egun beste klabe batzutan egon behar dugu, aurrera begira. Ez dakit ze interes egon den berriz ere garai haietako mamuak ateratze horretan" gaineratu du Biainek, eta adierazi du euren konpromisoa izan dela kartelak ahalik eta bizkorren kentzea: "Nahi genuke aurrerantzean horrelakorik ez gertatzea, baina ezin dugu besterik egin; esan beharrik ez dago gurekin ez duela zerikusirik". Bere kontrako pintadak agertu direla ere salatu du Biainek, eta horren berri ere eman behar dela.