Txerri-hilketaren gaineko argazkiak eta kontuak azaldu zizkien lehenengo, Natxo Santos argazkilariak; eta ondoren Jose Antonio Azpiazuk eta Jerardo Elortzak baserriko txerri jardueraren gaineko gorabeherak. Txerriaren aipamen historikoaren gainean jardun zuten lehenengo, baita bitxikerien gainean ere. Azpiazuren esanetan txerriaren aitzakiarekin euskaldunok nazioarteko harremanak landu izan ditugu. Era berean, argitu zuen gure ekonomian txerria oso garrantzitsua izan dela; doteko idatzietan, esaterako, askotan agertu izan da txerriaren aipamena, haren balioa barne. Elortzak, ostera, ohituren gainean jardun zuen. Esamolde eta atsotitz askotan ere agertzen da txerria tartean, Txerria gose ezkurra amets.
Hitzaldi ostean txerriki pintxoak probatu zituzten askok, tartean sagardotan egositako txorizoa eta piperrarekin erretako solomoa.