Nolatan aurkeztu zinen La Voz Kidssaiora?
Iragarkia ikusi, amak parte hartu gura nuen galdetu eta baietz esan nion. Baina hurrengo egunean ezetz esan nion, lotsagatik. Amak, ezkutuan, nire izena eman zuen eta ni abesten agertzen nintzen bideo bat bidali zuen. Hartu nindutela esateko Telecincotik deitu zutenean jakin nuen dena.
Nolakoa izan zen grabazioa?
Aurretik beste bi casting pasatu behar izan nituen. Azkenean, abuztuan grabatu nuen itsuan egindako entzunaldia. Gurasoekin, bi anaiekin eta lehengusinarekin joan nintzen Madrilera, eta oso ondo tratatu gintuzten. Hiru egun iraun zuen grabazioak: lehenegoan, elkarrizketa grabatu nuen, baita jantziak aukeratu ere; bigarrenean, alfonbra gorriko zatia eta entseguak; eta hirugarrenean, emanaldia. Celine Dionen I surrender abestu nuen nik. Urduri nengoen, baina nik uste nuena baino gutxiago. Taniak [Llasera] eta bertako psikologoek lagundu zuten horretan.
Zer moduz aurkezleekin eta coach-ekin?
Oso ondo: oso eskuzabalak eta jatorrak izan ziren, nik uste nuena baino gehiago. Hiru coach-ak gustatzen zaizkit, baina uste dut Malu egokituko litzatekeela ondoen nire estilora.
Azkenean, ez zuten buelta eman...
Unerik txarrena da abestia aurrera joan eta inork bueltarik ematen ez duela ikustea. Baina gero pentsatzen duzu: "Hemen nago ni, sekulakoak diren hiru artistarekin; aukera hau ez du edonork!". Triste ez jartzeko, alde positiboa bilatu behar diozu esperientziari.
Ez hartzeagatik baino pena handiagoa ei duzu zure emanaldia ez delako emititu.
Bai. Saioa hasi baino pare bat ordu lehenago deitu ziguten esateko nirea ez zela emango... Behin puntu horretara heldu eta ez emititzeagatik badut arantzatxoa.
Asko kostatu zaizu abuztutik otsailera arte sekretua mantentzea?
Lagunek, kuadrillakoek eta familiakoek bazekiten sekretua, baina oso ondo gorde dute. Momentu batzuetan izan dut kontatzeko gogoa, baina lortu dut tentazioari eustea. Azken astera arte ez nuen ezer ere esan, baina, azkenean, argazki bat jarri nuen profilean, eta hurrengo egunean iruzkin pila bat neuzkan! Ez naiz telebistan agertu, baina herrian, behintzat, egin naiz ezagun!
Saiatuko zinateke berriz ere horrelako saio baten parte hartzen?
Gurasoek utziz gero, bai. Mundu hau gustatzen zait eta esperientzia honek ez du hori aldatu.
Betidanik izan zara musikazalea?
Bai, txikitatik abestu izan dut eta 6 urterekin Ganbaran hasi nintzen. Gitarra jotzen ere banabil ikasten: hau bigarren urtea da. Gitarra aukeratu nuen abesteko orduan beste batzuek gehiago laguntzen duelako.
Abesti batzuen bertsioak egiteaz gain, konposatzen duzu?
Ez, baina orain horretan hasi gura dut. Josu Zubiari laguntza eskatu diot eta uste dut abesti bat konposatuko dugula elkarrekin. Beste batzuen bertsioak abestea ondo dago, baina onena da norberak konposatzea.
Imajinatzen duzu mundua musikarik gabe?
Ezta pentsatu ere! Ezin dut ezer egin musika barik, edozertarako jartzen dut: gela jasotzeko, etxeko lanak egiteko... Une bakoitzak bere estiloa du, baina beti nabil musika entzuten.
Gaur, 15 urte. Nola ospatuko duzu?
Gaur familiarekin ospatuko dut; baina beste egun baten lagunekin, behar den moduan!