Txerriaren gaineko jardunaldia antolatu dute zapaturako, otsailak 22, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioaren laguntzarekin.
Inguruko basoetan duela gutxira arte txerriak bertan hazten zirela gogora ekarriz emango diote hasiera 18:00etan egitarauari. Eta Natxo Santos argazkilari oñatiarraren lanak ikusteko aukera egongo da.
Jarraian, ostera, Jose Antonio Azpiazu antropologoak eta Jerardo Elortza filologo eta irakasleak berbaldia eskainiko dute: "Baserriko txerri-jarduerez eta bereziki txerriaren inguruan garatu diren usadioez eta ohiturez".
Ostean, 19:30ean hasita, Arantzazuko sukaldariek eskainitako txarripoteoa dastatzeko aukera egongo dela eman dute aditzera antolatzaileek eta 1,5 euroren truke txerriz eginiko pintxoa eta edaria dastatzeko aukera egongo da. "Hau izango da menua: Goiko Bentan piperrari lotutako txarri solomo errea etxeko ezti eta mostaza saltsa ukituarekin; Zelai Zabalen hirugiaharra ondutako ogi txigortuarekin; Sindikan txorizoa sagardoaz egosia; eta Arantzazuko Santutegia Hotelean, txarri-ukondo mamitxoz beteriko patata-habiatxoa".