Kantoikrit, kantoien arteko kriterium berria

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ots. 21a, 09:45

Kantoikrit-en logoa eta Surfixed lasterketaren hasiera, San Anton kalean, joan den urtean.
Orain arteko Surfixed probaren ondorengoa da irudi eta logo propioa izango ditu aurrerantzean

Kantoien arteko kriteriuma da Kantoikrit eta bizikletaren inguruan uda partean antolatuko duten asteburuan jokatuko da, pinoi finkoan, herri barruan eta gauez. Asteburu hori antolatuko duen taldearen izena ere bada.

Azken bi urte hauetan surf festaren barruan antolatu ohi izan duten Surfixed probaren ondorengoa da Kantoikrit. "Oso pozik antolatu dugu proba hori Surf festaren barruan, baina zein harrera ona izan duen ikusita eta bizikletaren inguruan zerbait gehiago egiteko asmoarekin, atera egin dugu lasterketa hori surf festatik. Bizikletaren inguruko hainbat ekitaldi izango dituen asteburu oso bat antolatzea da gure asmoa, eta horren barruan sartuko da aurrerantzean proba hori, izen eta irudi berriarekin: Kantoikrit", argitu du antolatzaileetako batek, Antton Zubiak.

Bizikleta

Bizikletari zuzendutako asteburu hori uda partean izango da eta lasterketaz gain, bideo emanaldiak eta kontzertuak ere antolatuko dituzte, besteak beste. Ekitaldietako bat, hala ere, gaueko kriteriuma izango da. "Orain artekoaren antz handia izango du Kantoikrit probak ere. Honek ere 20 bat kilometro izango ditu, 13 erabat urbanoa izango den zirkuitu bati. Pinoi finkoan lehiatuko dira txirrindulariak eta gauez izango da. Aldatuko den gauza bakarra, agian, helmuga izango da; San Anton kalean bukatu barik, litekeena da lasterketa Foruen plazan bukatzea", aurreratu du Zubiak.

Probaren eta elkartearen logoa eta irudia egin dituzte eta orain, ibilbidea bera zehazten, asteburu horretan egongo diren beste hainbat hitzordu lotzen eta guztia antolatzeko behar dituzten baimenak, aseguruak, sariak, materialak edo kartelak, adibidez, egiteko diru-laguntzak ari dira lortzen. Errifak ere atera dituzte dirua batzeko.

Boletoak salgai

Errifak salgai daude dagoeneko, euro baten, Luisena tabernan eta Lizarralde bizikleta dendan. Hiru sari zozketatuko dituzte: pinoi finkodun bizikleta bat, L'Uomocolmartello ekipamendu bat eta Luisena tabernan 30 euroko pintxo bonoa. Zozketa apirilaren 26an egingo dute eta sarian San Anton plazan emango dituzten egunean bertan.  Zozketa eguna bitartean herrian antolatuko diren ekitaldi nagusietan ere egongo dira boletoak saltzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak