Aozaratza kaleko obrak aurrera jarraitzen dute. Noiz bukatuko dituzten zehatz esaterik ez badago ere, litekeena da martxoaren bukaerarako itxura berria izatea kaleak. Obra horien helburua da kale hori oinezkoei egokitutako kalea izatea.
Helburu hori aintzat hartuta, baina, lan ezberdinak egin behar dituzte. Batetik, azpiegitura guztia berritu egingo dute. Hau da, saneamendua, ur hoditeria eta sare elektriko berria jarriko dute. Guzti hori egiteko, orain arteko lurzorua jaso egin dute eta azpiegitura lanak bukatutakoan, asfalto berria botako dute. Gero, maila berean egongo dira oinezkoak eta ibilgailuak.
Kale hasieran, garai batean Arantzazu taberna zegoen orubean, plazatxo bat egingo dute.
Biribilgune nagusiari lotuta berriz, biribilgunea bera ez dute aldatuko, neurriak egokiak direlako, baina Aita Lizarralde kaletik saihesbidera joateko ibilgailuek egin beharreko bira estua da, eta hori leundu, zabaldu, egingo dute.
Bilera
Aozaratza kalean auto asko egoten ziren lehen aparkatuta, eta hori ere saihestu gura du Udalak lan hauekin. Aurrerantzean kale horretan egongo diren ibilgailuak mugatuak izango dira, baina muga hori edo ibilgailuek kale horretan izango duen erabilera nolakoa izango den adosteko, Udalak bilera egingo du auzotarrekin. Data zehazteke dago baina datorren astean izan daiteke.