Bilduren akusazioa "faltsua" dela dio EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ots. 20a, 13:33
Joan den astean Udal Gobernuak Enplegu Sorrerari buruz kaleratutako oharrari erantzun dio Oñatiko EAJk. Alderdi jeltzaleak bidalitako prentsa oharrak dio aurreko legealdiko Enplegu Plana osatzen zuten gainerako ekimenak aipatzea "ahaztu" zaiola Udal Gobernuari eta EAJk zuzendutako Gobernu aldietan "pertsonak" lehentasuna izan direla beti. Ohar osoa, albiste barruan.

Hauxe da Oñatiko EAJk bidalitako oharra:

"BILDUren Oñatiko Udal Gobernuak, prentsa ohar bat argitaratu zuen "2013ko Enplegu sorrera" Oñatin aipatuz, non aurreko legealdiko zenbait datu alderatzen zituen. Baina horrez gain, EAJk "gezurra" esan eta PERTSONEN aurretik "hormigoia eta megaproiektuak" jartzen zitueneko akusazioa egiteko aprobetxatu zuen.

Oñatiko EAJk ez du inolako oharrik kaleratu gai horretaz, ondorioz, gezurra esaten duela dioen akusazioa faltsua da.

Eta EAJk gidatutako legealdiari dagozkion datuetan, 43.100€ tarteko, Oñatin Autoenpleguaren bidez sortutako 37 enpleguak bakarrik aipatzen ditu eta Bilduk 76.800€. Egia da, baina zergatik ezkutatzen ditu benetako Enplegu Plan bat osatzen zuten gainontzeko ekimenak? Egia osoa ez esatea gezurra esatea izan daiteke.

Krisiaren ondorioei aurre egin nahian abian jarri genuen lehentasunezko proiektua izan zen 2007-2011 Enplegu Plana, eta Autoenplegua sustatzeak besteko garrantzia edo handiagoa zuten beste ekimen batzuk biltzen zituen, baina "ahaztu" egin zaio honakoak aipatzea:

  • Lanik gabe zeuden 74 herritarri lana eman zitzaiela, Udalak horretan 443.443,98€ inbertituz.
  • Beste 579 herritarri enplegurako formazioa eman zitzaiela, 67.293€ inbertituz.
  • Enpresa txikietan kontratazioak egiteko laguntza programa bat ezarri zela, 36.000€ko aurrekontuarekin.

Enplegu Plana guztira, 1.011.224,4€takoa izan zen, eta horietatik 589.836,98€, zuzenean Udalak finantzatu zituen eta gainontzekoa Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta ezin ahaztu, krisiak geldiarazi zituen industriarako lurzoru birkalifikazioak egiteko ahaleginak.

Ez da zintzotasunez jokatzea, egia osoa esan gabe horren akusazio larriak egitea, izan ere, datuak hor daude, eta PERTSONAK, letra larriz idatzita, beti izan dira lehentasun EAJk zuzendutako Gobernu aldietan. "Norberarena" defendatzeko ez dago "bestea" iraindu beharrik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak