Urrezko Aizkorako finalerdi bat Oñatin jokatuko dute

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ots. 19a, 09:59
Joxe Mari Olasagasti Oñatiko finalerdian egongo da (Argazkia: www.irutxulo.hitza.info)
Domekan, hilak 23, lehiatuko dira Atutxa eta Mugertza, Olasagasti eta Cañaberasen aurka. Proba Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan jokatuko da, 12:00etan. Sarrera 10 euro izango da. Izeta aita-seme harrijasotzaileak ere etorriko dira.

Eusko Label sariko urrezko kategoriaren finalerdiak jokatuko dira Oñatin datorren domekan, otsailaren 23an. Euskal Herri mailako aizkora txapelketako finalerdietako bat izango da eta puntako aizkolariak datoz: Atutxa eta Mugertza, Olasagasti eta Cañabaresen kontra.

32 enbor

Proba Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan jokatuko da, 12:00etan. Euskal Telebista ere hantxe izango da. "Modalitate ezberdinak gainditu behar izango dituzte aizkolariek: zutik, kolpeka, txanda librean... Guztira 32 enbor moztuko dituzte", aurreratu du Anjel Billarrek, Oñatiko Herri Kirolen Taldeko kideak.

Izan ere, herriko talde horren eskutik jokatuko dute puntako proba hori Oñatin. "Hemen ere bagaude herri kirolak gustatzen zaizkigun herritarrak. Bertako jaietan, esaterako, urtero antolatzen ditugu herri probak, horiei eutsi nahi diegu, eta indartu, ahal dela. Horregatik, geuk eskatu genion txapelketa antolatzen duen federazioari probaren bat Oñatin jokatzea. Pozik gaude gure eskaria kontuan hartu dutelako", dio Billarrek.
Bestalde, Oñatiko Herri Kirolen Taldeaz gain, probaren laguntzaileak izango dira: Oñatiko Udala, Ormazabal iturgintza, Ulma, Gereta ardoak, Mekalki mekanizatuak eta Berezao Amets tailerra. Probaren gidaritza, baina, federazioak izango du eta epaileak ere federazioak jarritakoak izango dira. Beste finalerdia Azurmendi eta Otañok jokatuko dute Etxeberria eta Larretxearen kontra.

Zozketa

Otsailaren 23an Oñatin jokatu den finalerdia ikusteko sarrera, 10 euro izango da. "Sarrerak, baina, zenbatuta egongo dira eta zenbaki horiek zozketa egiteko erabiliko ditugu. Bost sari emango ditugu: herriko bost produktu, bertakoak", aurreratu du Anjel Billarrek.

Aizkora proba izan arren, harri jasotzaileak ere egongo dira Zubikoako pilotalekuan. Izeta aita-semeak harriak jasotzen jardungo dute aizkolarien proba batetik besterako tartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak