Iban Letamendi oñatiarra mendi-lasterketetako 2014ko euskal selekzioan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 18a, 14:18

Iban Letamendi –beheko ilaran lehenengoa, ezkerretik– aurtengo multzoa osatuko duten lasterkariekin.
Eneko Aliende hautatzailea izango da mendi-lasterketetako 2014ko euskal selekzioko zuzendaria, eta Ternua babeslea. Joan den urteko mailari eustea eta Munduko Kopa taldeka irabaztea izango dituzte helburu.

Oñatiko Iban Letamendirekin batera, aurtengo multzoa osatuko dute Leire Agirrezabalak (Ibarra), Jokin Lizeagak (Urnieta), Aritz Egeak (Urretxu), Aitziber Ibarbiak (Zizurkil), Hassan Ait Chaouk (Billabona) eta Oihana Azkorbebeitiak (Abadiño). Hasierako talde horri, Zegama-Aizkorri probaren ondoren, hainbat lasterkari gehituko zaizkio Munduko Koparako.

Agirrezabala, Lizeaga eta Egearen aldeko apustua egin du selekzioak Munduko Koparako eta gainerakoek Espainiako Kopan hartuko dute parte; Jokin Lizeaga izango da, gainera, entrenamenduak zuzenduko dituena. Talde teknikoan, bestalde, Iñaki Uribe-Etxebarria eskoriatzarra hasiko da lanean.

Joan den urteko mailari eusten eta Munduko Kopa taldeka irabazten saiatuko dira eta izango dute beste helburu bat ere, Eneko Aliendek azaldu duenez: "Joan den urtean Zegama-Aizkorrin lortu genuen emaitza ona errepikatu nahi dugu, horretarako 10 lehenengoen artean hiru lasterkari sartzen eta nesken emaitza hobetzen saiatuko gara".

Urteko lehen lasterketa martxoaren 16an

11 lasterketa jasotzen ditu aurtengo egutegiak, Munduko Kopako bost eta Espainiako Kopako sei:

  • Martxoak 16. Espainiako Kopako 1. lasterketa: Vall del Congost, Aiguafreda, Katalunia.
  • Apirilak 27. Espainiako Kopako 2. lasterketa: Alhaurin el Grande, Malaga.
  • Maiatzak 25. Munduko kopako 1. lasterketa: Zegama, Euskal Herria. 
  • Ekainak 1. Banakakoen eta erkidegoetako selekzioen Espainiako Txapelketa: Camile Extreme, Izaba.
  • Ekainak 15. Espainiako Kopako 3. lasterketa: Vilaller, Lleida.
  • Uztailak 13. Espainiako Kopako 4. lasterketa: Zumaia, Gipuzkoa.
  • Ekainak 20. Munduko kopako 2. lasterketa: Canazzei, Italia.
  • Abuztuak 10. Munduko kopako 3. lasterketa: Sierre, Suitza.
  • Abuztuak 23. Munduko kopako 4. lasterketa: Zermatt, Suitza.
  • Urriak 11. Espainiako Kopako 5. lasterketa: Lanzarote.
  • Urriak 12. Munduko kopako 5. lasterketa: Limone sul Garda, Italia.

Ternuaren laguntza

Arrasateko Ternuak selekzioari laguntzen jarraituko du aurten ere, lasterkariak janzten eta "bermerik handieneko" jantzi teknikoak eskaintzen; lasterkariekin lankidetzan garatutakoak dira jantziak.

Gainera, Ternuak trail runningen aldeko apustuari eusten dio laguntza honekin, "guk ere trail runningen aldeko zaletasuna dugulako eta talde horrekin bat egiten dugulako, izan ere, gure ilusio berarekin egiten du lan, mundu honetan bidea irekitzeko", dio Ternuako Rikardo Idiakezek.

Euskal selekzioaren emaitzak 2013an

2013an, mendi-lasterketetako euskal selekzioak emaitza onak lortu zituen, Espainiako txapelketetan nahiz mundukoetan. Munduko Kopako lasterketetan parte hartu zuten gizonezko lasterkari guztiak 14 onenen artean sailkatu ziren, proba guztietan puntuatu ez bazuten ere, kostu ekonomiko handia izateagatik. Aipatu beharrekoak dira Aritz Egearen 4. postua eta Jokin Lizeagaren 5.a. Emakumezkoen kategorian, Aitziber Ibarbia 9. postuan geratu zen eta Leire Agirrezabala 17. postuan, lasterketa batean parte hartuta bakarrik.

Espainiako emaitzei dagokienez, selekzioa txapelduna izan zen Vilaller herrian (Katalunia) egin zen Espainiako Txapelketan. Espainiako Kopan, Leire Agirrezabalak irabazi zuen lehiaketa, mendi-lasterketetan urte horretan bertan debutatu arren. Beteranoen mailan, Elena Calvillok lortu zuen titulua, selekzioko lasterkari ere baden Nerea Amilibiaren aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak