Keinu bidez, errespetuaz eta askatasunaz mintzo dira 'Kibubu'-n

Irati Goitia 2014ko ots. 15a, 20:47

Marie de Jongh antzerki konpainiak Kibubu antzezlana eskaini du gaur arratsaldean Oñatiko Santa Ana aretoan. Bi saio egin dituzte (16:30ean eta 18:00etan) eta bietan jende dezente batu da. Keinu bidezko antzezlan sakona da.

Xebas eta Coco pailazoak dira protagonista. Ikuskizun berria prestatzen dabiltza, arrakasta lortu nahian. Hala, Xebasi hezur haragizko gorila bat erostea bururatzen zaio. Sinetsita dago gorila mendean hartu eta ikuskizun bikaina prestatzeko gai izango direla. Eta bide batez, publikoaren txalo zaparrada lortuko dutela. Barreak behintzat eragin dituzte gaur arratsaldean. Pailazo eta gorilaren arteko gora-beherek behin baino gehiagotan jarri dituzte Santa Ana aretora joandako ume zein helduak barrez.

Keinu bidezko antzezlana

Hitzik gabeko antzezlana da Kibubu, keinu bidezkoa, baina aldi berean sakona. Hala, protagonistek ez dute hitzen beharrik errepestuaz edo askatasunaz hitz egiteko. Nahikoa dituzte keinuak eta musika.

Xebas protagonistari animaliak ez dio jaramon egin nahi eta pailazoak metodo ez oso zuzenak erabiltzen ditu. Hor latzen dute animalienganako errespetuaren gaia. Cocok, bestalde, askoz metodo hobea erabiltzen du: musika. Mikel Laboaren Txoriak txori kanta jo eta gorila liluratzen du. Hala, hitzik gabe eta maisutasunez lortzen dute askatasunari erreferentzia egitea ere.

Amaieran izugarrizko txalo zaparra lortu dute protagonistek. Beraz, pailazoek hasieran arrakasta lortzeko zuten ametsa, errealitate bilakatu da Santa Anan behintzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak