Eta Oscarra da… Oñatirendako!

Leire Kortabarria 2014ko ots. 15a, 00:00

Emakumea, zinema aretoko posterrei begira.
La gran estafa americana, El lobo de Wall Street, Agosto, 12 años de esclavitud… Hollywoodeko Akademiako sarietara izendapen gehienak eta garrantzitsuenak dituzten filmen zerrenda laburra da, eta, era berean, Oñatiko zineman datozen asteotan emango dituzten filmen zerrenda.

Kasualitatea? Ez; urtero egiten dute horrela: Oscarretara izendatuta dauden film guztiak ematen dituzte, hain justu Akademiaren sari-banaketaren bezperan. Eta, deskuiduan, Oñatin eman ez duten film batek irabazten badu sari garrantzitsuren bat, ekitaldiaren ondoren ekartzen dute.

Datorren aste bukaeran, La gran estafa americana ikusteko aukera izango da. Hamar izendapen ditu; besteak beste, filmik onena, zuzendaririk onena, emakumezko eta gizonezko aktorerik onenak eta taldeko aktorerik onenak, gidoirik onena… 

Dagoeneko emandako filmen artean daude izendatutako beste batzuk: A propósito de Llewyn Davis (bi izendapen, kategoria teknikoetan, eta kritikak txalotutako filma), Gravity (filmik onena, zuzendaririk onena eta emakumezko aktorerik onenaren saria irabazteko izendatuta), Blue Jasmine (emakumezko aktorerik onenaren Oscarra irabazteko proposatua) eta beste batzuk.

Zineklubean ere, saridunak 

Oñatiko zinemaren ardura Udalarena da, eta Aranguren Ucin enpresa kontratatu zuen filmak eskaintzeko. Hark egiten du aukeraketa, eta argi dago intereseko filmak ematen saiatzen dela. Inguruko herrietan ez dira oraindik film horiek ageri; zertxobait luzaroago itxoin beharko dute haiek ikusteko.

Zinekluba ez du enpresa horrek eroaten, baina hor ere, nahiz eta zaharragoak, kalitate handiko filmak ematen dira: oraingo astean, A puerta fría eman dute, 2012an Malagako Zinemaldian kritikaren saria eta gizonezko aktorerik onenaren saria irabazi zituenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak