Oñatiko Euskal Memoria taldeak egin du gaur proiektatuko duten Barruko Arrastuak dokumentala; torturatuak izan direnen testigantzak jaso ditu bertan.
Euskal Memoria taldekoek 2011ean ekin zioten datu bilketari eta, Oñatin zein Euskal Herriko beste hainbat herritan egindako bilketari esker, 2012ko abenduan Durangon egin zen Azokan Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburua aurkeztu zuten. "Bertan, tortura Euskal Herri osoan zabaldu den praktika dela argi gelditu zen", adierazi dute; 9.633 eta 11.633 torturatu inguru egon direla kalkulatzen dute.
Urrats bat harago
Oñatin zituzten datuekin, bertako Euskal Memoriako kideek urrats bat haratago joatea erabaki zuten. Hala, batu zituzten testigantzetako batzuekin dokumental bat egitera erabaki zuten eta hainbat hilabetetako lanaren ostean, Barruko Arrastuak izeneko dokumentala aurkeztu zuten iazko irailean. Jende ugari bildu zen aurkezpenean eta batzuek eskaileretan eserita edo zutik ikusi behar izan zuten dokumentala. Gaur izango da beste aukera bat, kultura etxeko erakusketa aretoan, 18:00etan.
Erakusketa ikusteko azken eguna
Gaurkoa izango da, era berean, Oñatiko kultura etxean jarri duten torturaren gaineko erakusketa bisitatzeko azken eguna. Herriko Euskal Memoria taldeak antolatuta, torturaren gaineko datuak, argazkiak eta irudikapenak ikus daitezke. "Izan ere, etorkizuna eraikitzeko, beharrezkoa da iragana ezagutzea. Eta tortura, gure herrian, errealitate izan da eta da", adierazi dute taldetik. Bildutako datuen arabera, Oñatin 168 lagun izan dira inoiz atxilotuak, eta horietatik 72k jasan dituzte torturak.
Atzo arratsaldean, bestalde, Oñatiko Euskal Memoria Taldeak berak egindako torturari buruzko ikus-entzunezkoa estreinatu zuten.