Udalak bat egiten du "Bellonen familiaren saminean"

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ots. 10a, 11:03
Oñatiko Udaleko bozeramaileen batzordean testu bateratua adostu dute Bilduk eta EAJk, Arkaitz Bellon presoaren heriotzaren harira. Udalak "irmoki eskatzen du Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela" eta "espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea aldarrikatzen du". Adierazpen osoa, albiste barruan.

Hauxe da Bildu eta EAJko ordezkariek Udaleko bozeramaileen batzordean adostu duten adierazpena:

"Arkaitz Bellon Blanco Elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100km-ra hilda agertu da otsailaren 5ean. Bere zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean. Zigorraren 2/3ak beteta zituen eta beraz aske egoteko baldintzetan.

Heriotza honen aurrean, Oñatiko Udalak bat egiten du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz honetan. Era berean irmoki eskatzen du Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz. Horregatik, Oñatiko Udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin, konfiantzazko medikuak autopsian parte hartzea, alegia.

Oñatiko Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen ditu, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea aldarrikatzen du:

Egoera hau beti izan bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian. Arkaitzi gertatutakoa edonori edonoiz gerta dakioke eta ez du gehiago gertatu behar.

Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da.

Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak bat egitea sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.

Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.

Adierazpen hau honako erakunde hauetara bidaltzea proposatzen da, giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko: Ararteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Eudel, Gotzaindegia, Amnistía Internacional eta Legebiltzarra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak