Hainbat lan, San Lorentzo irisgarri egiteko

Irati Goitia 2014ko ots. 8a, 12:01

San Lorentzo auzoan egiten dabiltzan irisgarritasun lanak.
Udalak irisgarritasun plan bat du egina San Lorentzo auzorako. Plangintza horrek hainbat fase ditu eta poliki-poliki badabiltza fase bakoitzeko lanak egiten. Horrela, badira urte batzuk lehen obrak hasi zituztenetik. Une honetan ere badihardute lanean. Zehazki, hirugarren plazatxoa egokitzen dabiltza beharginak (iaztik datorren proiektua da). Urte honetan, beste hiru fase egingo dira.

Hirugarren plazatxoaren azpian dauden garajeetan ura sartzen zela-eta, lanak egin dituzte bizilagunek lehenik. Eta orain, Udalak, behin obra horiek amaituta, irisgarritasuna hobetuko du. Hala, bi hobekuntza dira egiten dabiltzanak: igogailua jarri eta zorua lauzatu. Itsuendako gida izango diren baldosak jarriko dira zoruan. Horrela, aurreko fase batean  jarritako arrapalatik igogailu berrira joan ahal izango dira itsuak inongo arazo gabe. Hain zuzen, igogailu horrekin auzoko erdiguneko irisgarritasun arazoak konponduko dira, hiru igogailu eta arrapala batekin.

Beraz, behin erdiguneari dagozkion obrak eginda, zeharkako kaleak egokitzea geldituko da. Orain arte, irisgarri egin den zeharkako kale bakarra San Lorentzoko ermita dagoena da (13. fasea). Gainerako kale horizontal guztiak egin beharko liratezke orain.

Beste hiru fase

Hain zuzen, horietako batzuekin hasiko dira aurten, zehazki, beste hiru fase egingo dira (bosgarrena, hamargarrena eta hamabigarrena).

Batetik, auzoaren goi-goian, ezkerraldean, dagoen kalea egokituko da. Izan ere, erdiguneko irisgarritasun plana eginda ere, kale honetan dauden bebarruetara joateko oztopoak daude.

Bestetik, egun konpontzen dabiltzan plazako jarraipena diren bi kaleak egokituko dira. Arrazoiak: egoera txarrean daudela eta behin plazako obrak amaitzerakoan kale horiekin egin beharreko elkarketa apropos egitea. Horrenbestez, behin obra horiek eginda, hirugarren plazako inguru guztia izango litzateke irisgarri.

Udaletik adierazi dutenez, baina, oraindik proiektua egiteko dago eta lizitazio berri bat ere egin beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak